EAJk adostutako akordioak bete ditzan exijitu dio Udal Gobernuari
EH Bildugaz egindako hitzarmenak «apurtu» egingo dituztela diote. Udalak dio akordio horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan jartzen ari delaBermeoko EAJk «adostutako akordioak berehala bete ditzala» exijitu dio Udal Gobernuari. Aritz Abaroa Be...
EH Bildugaz egindako hitzarmenak «apurtu» egingo dituztela diote. Udalak dio akordio horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan jartzen ari dela
Bermeoko EAJk «adostutako akordioak berehala bete ditzala» exijitu dio Udal Gobernuari. Aritz Abaroa Bermeoko EAJren bozeramaileak salatu duenez, «EH Bilduk EAJgaz izenpetutako akordioak bete barik ditu oraindik».Agintaldian zergei buruz bi alderdiek adostutako bi akordioren ondorioz lortu beharreko hobekuntzak gauzatzeko orduan, gobernu taldeak «itxikeria» erakutsi duela diote jeltzaleek. Adierazi dutenez, lehen akordioari esker, Talan, Zarragoitxin, Itsasbegin eta Iparragirren hobekuntzak egitearen truke eguneratu ahal izan zuen EH Bilduk Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga.
Herriko edukiontzien guneak hobetzeko lortutako akordioagaz, ostera, gune horietan bosgarren edukiontzia eta umeentzako jolas guneetako hondakinak gaika batzeko edukiontziak jartzea adostu zutela adierazi dute. Horren trukean, tasak eta zergak igotzea eskatu zuten.
Abaroaren iritziz, «udal gobernuak ez du lan horien jarraipenik egiten». EH Bildukoek akordioei buruz hitz egiteko «pare bat aldiz» deitu dietela eta jeltzaleen babesa lortu ostean, «akordiak izoztuta» gelditu direla salatu du. Urte amaierara heltzen egonik, azkenengo hilabeteetan adostutakoak bete ezean, akordioak apurtuko lituzketela ohartu du bozeramaileak.
Adostutako akordioak ez betetzeak ez dio EAJri kalterik egiten jeltzaleen ustez, «Bermeoko herritarrei baino». Herritarrei «ahaleginak egitea eskatu» ondoren, akordioetan esandakoa betetzea beharrezkoa dela aldarrikatu dute.
Bestalde, Bermeoko Gurutze Gorriak «herrian egiten duen lan garrantzitsua arautu eta balioan jartzen duen hitzarmena» udal gobernuaren aldetik sinatu gabe dagoela esan du EAJren bozeramaileak. Bere berbetan, hori «udal gobernuak bere hitza jaten duenaren erakuslea» da.
Zehaztu duenez, gobernu taldeari hitzarmen horren oinarriak zehazten laguntzeko zirriborroa aurreratu zieten jeltzaleek, eta urte bete baino gehiago igaro da ideia proposatu zutenetik, baina orain arte «ezer ez dutela jakin» salatu dute, osoko bilkura guztietan gai horri buruz galdetu duten arren. Abaroaren ustetan, «guztiz onartezina da EH Bilduk besteen lana baloratzeko orduan erakusten duen arduragabekeria».
Elkarbizitzarako araudia
Ordenantzak betetzekoak direla gaineratu du Abaroak, eta ezin direla «subjektibotasunez ezarri». Horren harira, elkarbizitzarako araudia ekarri du gogora jeltzaleak, eta herrian kartel eta pankartak jarri nahi dituztenen artean ezin dela «salbuespenik egin» nabarmendu du. Udalak herriko elkarte batek pankartak jartzeko egindako eskaerari uko egin diola adierazi dute jeltzaleek, eta «kartel eta pankartekin ezin dela salbuespenik» egin. Arauak denek bete behar dituztela diote, eta ez dagoela «lehen edo bigarren mailako herritarrik».
Bermeoko Udalak, bere aldetik, EAJk egindako salaketei erantzun die. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak adierazi duenez, «Bermeoko Udal Gobernua lanean ari da herriko hainbat tokitan irisgarritasuna bermatzeko eta hobekuntzak egiteko, besteren artean, Talan, Zarragoitxin eta Itxasbegin».
Lan horiez gain, «bosgarren edukiontzia jartzeko prozesua martxan» dagoela adierazi du, eta «jolas guneetan hondakinak gaika batzeko edukiontziak leku gehienetan jarrita» daudela argitu: «Lameran eta Atalden jarrita daude, eta Erretenekoak aurreikusita eta erosita daude, baina Aterpeko lanak hasi arte itxaron egingo da».
Azalpen horiek «osoko bilkuran eta aurretik ere batzar ezberdinetan eman» dituztela gogoratu du Ibarrolazak. Horregatik, EAJk udal gobernuari egindako kritikak «ulertezinak» direla adierazi du. «EAJk Udal Gobernuaren kontrako salaketa gogorrak egin ditu, nahiz eta ondo jakin, lehen eskuko informazioa daukatelako, zailtasun guztien gainetik, Udal Gobernua akordio guzti horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan jartzeko gogor lanean dabilela».
Horregatik, «EAJk akordioa apurtuko duela esatea» ez da ulergarria Ibarrolazarentzat. «Arazoa zein da? Hauteskundeak direla eta, ez dutela gugaz akordiorik izan nahi, eta, gezurrak argudio moduan erabiliz, orain arte lortutakoak apurtu nahi dituztela? Hori bada euren erabakia, eurek ikusiko dute; gu, gure aldetik, akordio horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan jartzen ari gara, agintaldi guztian egin dugun moduan, guretzat, alderdikerien gainetik, herritarrak eta euren beharrizanak direlako lehentasuna».
Zarragoitxiko lanei dagokienez, zera azaldu du: «EAJk dakien moduan, arazo teknikoak egon dira, baina momentu honetan proiektua bideratzen ari gara». Talan jadanik egin dituzte irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan, eta epe laburrean aparkalekura irisgarritasuna bermatzeko lanak egingo dituztela gaineratu du: espaloia bertara sartzeko egokitu eta argiteria, lurzorua edota margotze lanak egiteko asmoa dauka udalak.
Gainerako salaketei ere erantzuna eman die Ibarrolazak. Argitu duenez, udalak urrian sinatuko du Gurutz Gorriagaz hitzarmena. Udalak Gurutz Gorriari azken zirriborroa uztailaren 11n bidali ziola zehaztu du, eta haren ekarpenak jaso ondoren urrian sinatuko dutela azpimarratu du.
Elkarbizitzarako araudiari dagokionez, alkateak osoko bilkuran ez diola inori pankartarik jartzeko baimenik eman adierazi du Ibarrolazak, eta ezinezkoa dela salbuespenik egitea herritar batzuen eta beste batzuen artean. Pankartak herrian talde ezberdinek jartzen dituztela, baina «inork ez duela Udalaren baimenik izan pankartarik jartzeko» adierazi du.
«Eraso, salaketa faltsu eta alderdikeri guztien gainetik», Udal Gobernua herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak martxan jartzeko eta aurrera begira gainerako alderdiekin akordioak lortzeko prest agertu da, «herritarrentzat onak diren heinean».