Mutriku Errugbi Eskolak antolatuta,
14 urtez azpikoen errugbi topaketa egingo da zapatuan [urriak 6] Mutrikuko San Migel futbol zelaian. Norgehiagokak 10:00etan hasiko dira, eta 12:15ak bitartean, hainbat partidu jokatuko dituzte bertan parte hartuko duten 90 bat gaztetxoek. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, jokalari horietatik hamabost mutrikuarrak izango dira.
Mutrikuko topaketaz gain, gainera, beste bi topaketa ere jokatuko dituzte asteburuan Euskal Herriko errugbi jokalari gazteenek. Liga, hain zuzen ere, aste gutxi batzuk barru hasiko da, eta Mutrikukoa
liga hasi bitartean berotzen joateko topaketa izango dela adierazi dute antolatzaileek.
Futbol zelaia bitan banatuta jokatuko dute, eta talde bakoitzak
10 minutuko bosna partidu jokatuko ditu. Errugbi seven deritzon modalitatean jokatuko dute. Hau da, zazpi jokalari ariko dira talde bakoitzetik. “Errugbia, berez, hamabostera jokatzen da, baina lehen topaketak zazpira jokatzen ditugu”.
Mutriku Errugbi Eskolakoek San Migel zelaian jokatuko partidu bat. Argazkia: Mutriku Errugbi Eskola
Bost taldek parte hartuko dute topaketan. Honakoak izango dira Mutrikurekin batera zelairatu diren taldeak: Bera Bera, Txingudi, Atletico SS eta Hernani. Errugbi eskolakoek aurreratu dutenez, berriz, Mutrikuko jokalari guztiek talde berean jokatuko dute. “Jokalariek txandakatuta irtengo dute zelaira, gehiegi ez nekatzeko. Partiduak oso biziak izaten dira, eta hiru bat minutura jokatzen egon ondoren, berriak zelairatuko ditugu”.
Ohikoa den modura, jardunaldia amaitzeko hirugarren denbora egingo dute giro onean, futbol zelai gaineko terrazan. Errugbizale guztiak partiduak ikustera gonbidatu dituzte antolatzaileek. “Partidu oso politak ikusteko aukera egongo da, animatu”.
Bazkidetza kanpaina, martxan. Mutriku Errugbi taldeak, era berean, 2018-2019 denboraldiko bazkidetza kanpaina abiarazi du egunotan. Urtero kuotari dagokionez, 10 eurokoa da, baina bazkide egiten direnek opari zuzena jasoko dutela azpimarratu dute eskolako arduradunek. “Bazkide egiten direnek Euromillones zozketan jokatuko dute”.
Taldeari laguntzeko interesa dutenek taldeko batenbatengana hurreratuta egin daiteke bazkidetza edo entrenamenduetako batean. Martitzenetan kiroldegian entrenatzen dute 19:00etatik aurrera eta eguenetan, berriz, futbol zelaian egoten dira, 17:00etatik aurrera. Era berean, LH 3. mailatik gorako gaztetxoek ere
taldean izena emateko aukera izango dutela jakitera eman dute taldeko kideek. “Nahi duten guztiak ongietorriak izango dira. Entrenamendu batera etorri besterik ez dute izango”.