Beste urte batez berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu nahi dituen programa abiarazi dute. IX. Beldur Barik lehiaketak adierazpen artistikoak saritzen ditu, eta lanak aurkezteko epea zabalik dago
azaroaren 9ra arte.
Lehiaketari dagokionez, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Bakarka edo taldeka parte hartu daiteke, eta lan guztiak euskaraz aurkeztu beharko dira. Parte hartzaileek gainera,
bi kategoriatan banatuta parte hartuko dute: 12-17 urte bitartekoak eta 18-26 bitartekoak.
Antolatzaileek iragarri dutenez, aurkeztutako lanek
Beldur Barik jarrera azaldu behar dute. “Lan horiek erakutsi behar dute nola neskek eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarreragaz. Alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkitzea eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin”. Nabarmendu dutenez, adierazpen mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada.
Ondarroako Beldur Barik lehiaketako irabazleak. Argazkia: Ondarroako Udala
Lehiaketaren aurtengo leloa
Beldur barik jarrera partekatu izango da,
sare sozialei erreferentzia eginez, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa zabaltzeko. Sortutako eduki eta interakzioekin, bestalde, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. “Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren”.
Lehiaketa orokorreko sariak
azaroaren 24ean banatuko dira zehazteko dagoen Arabako herri batean. Kategoria bakoitzeko lehen saridunak 500 euroko saria irabaziko du, eta aipamen bereziak, aldiz, 300 euroko saria. Ikus-entzunezko ekoizpena baloratzeko saria emango da, eta baita herri bozketaren bitartez parte hartze saria ere emango da. Bi kasutean, irabazleak 300 euroko saria irabazteko aukera edukiko du.
Ondarroan, berriz,
tokian tokiko lehiaketa ere antolatu dute. Udalak, hain zuzen ere, herriko gazteak Beldur Barik programan parte hartzera gonbidatu nahi ditu. Sari banaketa azaroaren 23an egingo da Etxelilan.
Ondarroako artelanak baloratzeko epaimahaiari dagokionez, hezkidetza batzordeko kide bik, Ondarroako emakumeen udal berdintasun kontseiluko ordezkari batek, berdintasun arloko zinegotziak eta berdintasun teknikariak osatuko dute. Kategoria bakoitzeko
400 euroko sari bana banatuko da.