Kirmen Uribe, 'ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa' erakusketaren literatura komisarioa
Bilboko Arte Ederren Museoak bere 110. urtemugarako ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa sortu du bilduma propioko artelanekin, eta proposamena garatzeko Kirmen Uribe idazle ondarrutarra izan da erakusketaren literatura komisarioa. Erakusketa berria zapatutik [urriak 6] aurrera egongo da ikusgai, eta 2019ko ekainaren 2ra arte zabalik egongo da.
Museoak duen bildumako obrak erakusgai jarri dituzte, baina ez edonola. Uribek alfabetoaren letra bakoitzaren hurrenkeraren arabera sortutako hitzen esanahien arabera aukeratu dute zer erakutsi. 31 letra horietako bakoitzarekin lotuta, Uribek, hain zuzen ere, euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko edo frantsesezko hitz bana bilatu du, eta hitz horiek inspirazio literariotzat eta komisario argudiotzat erabiliz, museoaren antzinako eraikineko areto guztietan erakutsiko diren museoko bildumako artelanen aukeraketa bat egin du. Hala, lau hizkuntzatako letrek eta hitzek osatutako ibilbide bat ordenatzen da, zeinak artearen eta bildumaren historia zeharkatzen duen aroetan eta estiloetan barrena.
Uribek gidatutako erakusketa ideia baten bidez, XIII. mendetik hona sortutako museoaren bilduma osotik aukeratutako artelanak jarri dituzte ikusgai erakusketan. Ideia horrek artearen historiako garaiak eta egileak zeharkatzen dituen ibilbide alfabetiko bat proposatzen dio ikusleari. Aretoetan beste objektu artistiko batzuekin batera erakutsi ohi diren obrak batzen ditu erakusketak, gutxitan erakutsitakoak eta biltegietan gordeta egon direnak. Erakusketan 300 pieza eta 200 artista inguru daude ordezkatuta, eta idazleak subjektibitatez eta emozioz betetako trama bat osatu du.
Erakusketari buruzko eskuliburu bat ere argitaratu du museoak, idazleak sortutako testuekin eta erakusketak biltzen dituen edukiekin. Kirmen Uribek ibilbideko testuetako bakoitzari buruz idatzitako sinopsia eta areto bakoitzean bildutako artelanei buruzko informazioa jaso daiteke bertan.