Urte amaieran formalizatuko da
Ondarroa Arraun Elkartearen zuzendaritzaren kargu aldaketa. Ondarroa Arraun Elkarteko gidaritza utziko dutenak eta sartuko direnak elkarregaz lanean ari dira irailaren hasieratik, lekuko aldaketarako prestatzeko, Koldo Azpiazu lehendakarigaia tartean. Denboraldia hasi berri izanda, zuzendaritza talde berriak buru-belarri ekin dio lanari.
Zelan izan da talde berriaren aukeraketa prozesua?
Gorka Elordik eta haren taldeak momentu gaitz baten hartu zuten gidaritza, eta zortzi urtean izugarrizko lana egin dute. Zikloa amaitu dutela erabaki dute. eta zuzendaritza berria osatzeko, bi edo hiru taldetxo azaldu ginen. Hala ere, inork ez zeukan talde indartsu bat osatzeko jenderik, eta, taldetxoak batuta, talde sendo bakarra osatu dugu.
Zuk zeuk noiztik daukazu arraunarenganako lotura?
Txiki-txikitatik jarraitu dugu arrauna etxean. Hala ere, nik lehen futbolean jokatzen nuen; ez neukan hain harreman estua arraunagaz. Taldea KAE 2ra jaitsi zenean, lagun taldetxo batek, animoak gauzak gaizki doazenean ondo doazenean baino beharrezkoagoak direla pentsatuta, bideotxo bat grabatu genuen, taldeari animoak emateko. Orduan hasi nintzen arrauna buru-belarri jarraitzen.
Koldo Azpiazu, Ondarroa Arraun Elkarteko lehendakarigaia
Eta Radixu irratiagaz, erabat inplikatu zinen…
Azken bost urteotan, Radixu irratian Toleta apurtu arraunaren inguruko irratsaioa egiten hasi ginenetik, harreman hori asko estutu da.
Denboraldi berriaren prestaketan diharduzue….
Lekuko aldaketa urte amaiera bueltan egitea aurreikusten dugun arren, praktikan lanean gaude, entrenatzaileak eta araunlariak lotu eta gazteen fitxak egiten. Gainera, ardura formalki hartzen dugunean ere orain arteko taldeak laguntzen jarraituko duela esan digu, eta hori eskertu egiten da.
Babesa aurkitu duzue?
Elkartean urteetan laguntzeko prest dagoen hainbeste jende dago. Zuzendaritza talde berria bederatzi lagunek osatzen dugu, baina inguruko jende askok ere laguntzeko borondatea azaldu digu. Eta, batez ere, txalotzekoa da elkartean urtea joan eta urtea etorri laguntzeko prest egoten direnen lana.
Ze asmo daukazue datozen lau urteotarako?
Aurrekoek egindakoaren lanari jarraipena eman nahi diogu. Eta azpiegitura mailan, harrobia sendotu, gure trainerua harrobian oinarritzen da eta.
Taldeak badauka teinkada?
Gure arraunlarien lanak oihartzuna dauka aspaldian; ikusgarriago egin da; eta horrek zaletasuna handitzea ekarri du.
Zenbat ume daude taldean izena emanda?
124 ume daude gazte mailetan: 76 neska eta 48 mutil. Aurten kopurua ia bikoiztu egin dugu. Bestalde, Markina-Xemeinen eta Berriatuan izena emateko deia egin dugu, eta badaude herrikoak ez diren beste lau edo bost gazte ere.
Emaitzak ere hor daude….
Iaz, gazte mailan hasiberriak Bizkaiko txapeldun izan ziren mutiletan; neskak azken bi urteetan Bizkaiko txapeldunak izan dira, eta aurten Euskadiko txapeldunak erei bai.
Horri traineruen emaitza gehitu behar zaio, TKE ligan lortutako 8. postu hori edo Euskadiko txapelketako domina….
Emaitzak ikusita animatuko ziren batzuk, beharbada. Udan umeentzat antolatu genuen ikastaroa ere hor dago… Edozelan ere, harrituta geratu gara.
Zuzendaritza taldean dauden sei gurasoetatik bost nesken gurasoak dira. Zuzendaritza taldean lau emakume daudelarik, hori lehenengo bider gertatzen den gauza da
Neska gehiago daude mutilak baino. Eta hori zuzendaritzan ere igarri da…
Zuzendaritza taldean dauden sei gurasoetatik bost nesken gurasoak dira. Zuzendaritza taldean lau emakume daudelarik, hori lehenengo bider gertatzen den gauza da.
Eta azpiegitura nahikorik bai?
Egia esan apurtxo bat ikaratu gara. Azpiegitura aldetik nahikoa ondo gabiltza. Hala ere, batel guztiak estropadetara eroan ahal izateko, orga berri bat erosi beharko dugu, eta iaz baino autobus bat gehiago atera. Hala eta guztiz ere, uste dugu ondo moldatuko garela.
Horretarako, aipatzen dituzun laguntzaile horiek behar…
Nik funtzionario esaten diet arraun elkartearen kontuekin urteetan lanean daudenei. Esaten diet: ‘Politikoak aldatuko dituzte, baina zuek beti hortxe zaudete. Bizitza guztian ezagutu izan zaituztet elkartean. Zuek behar-beharrezkoak zarete’.
Itsua izanik, zure egoerak zuzendaritza hau desberdina egiten du?
Batzuentzat harrigarria izan da ni lehendakari izateko aurkeztu izana. Nik leku, lan edo momentu konkretu batzuetan laguntza behar dut, baina egunerokotasunean nire kabuz moldatzen naiz. Gainera, normalean balioko jendeagaz batzen naiz. Beraz, inguruan balioko jendea badaukazu, lasaiago ibiltzen zara. Arraun elkarteari egin diezaiokedan ekarpenari dagokionez, nik hainbat gauza egin ditzaket. Beste bat naiz. Eta esan dezaket itsutu eta gero gauza gehiago egin ditudala itsutu aurretik baino.
Itxaropentsu zaude?
Horrelako kargu bat ilusioagaz hartzen ez baduzu, txarto behar duzu! Oso talde polita daukagu; balioko jendea. Gure asmoa da pausorik pauso gora joatea. Pauso handirik eman gabe, ze hori konplikatua da gurea modukoxe elkarte batentzat; baina bai pausorik pauso. Helburua da trainerua orain arte joan dena baino apurtxo bat bizkorxeago joatea.
Oso ondo konpontzen gara Isuntzarekin. Kaleko lehia osasuntsu hori beti hor egongo den arren, taldeen arteko harremana oso ona da
Eskualde mailan, bi talde egongo zarete elkarregaz lehiatzen: Lekeitioko Isuntza eta zeuek. Zelakoak dira harremanak?
Oso ondo konpontzen gara. Kaleko lehia osasuntsu hori beti hor egongo den arren, taldeen arteko harremana oso ona da. Hor dago talde bietako neskekin ateratako trainerua ere. Bestalde, Ondarroa Arraun Elkartea Orioko elkarteagaz konpondu izan da beti ondo… Oriora joaten garen bakoitzean, ateak zabalik dauzkagu, eta haiek Ondarroakoak ere bai.
Eta herriari begira, babestuta sentitzen zarete?
Arraun elkarteak beti eduki izan du herriaren babesa. Urte askoan ez da jaitsi 1.000 bazkidetatik. Momentu honetan, 1.180 bazkide gara. Estropadetara joaten den jende kopuruari dagokionez, nahiz eta guk betidanik zaletu leial asko eduki, igartzen da azken lau urteetan gehitu egin direla, traineruaren maila hobetu ahala. Herriaren babesa sekulako handiena da, traineruen emaitzak eta gazteenak ikusita.