Aratz Mugertza aizkolariak 2. mailako txapelketaren finalerako txartela lortu du
Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak Euskadiko 2. mailako aizkolari txapelketaren finalerako txartela lortu du Durangoko kanporaketan. 18 minutu behar izan zituen mutrikuarrak hiru kanaerdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat mozteko.
Kanporaketa domekan [urriak 7] jokatu zen Durangoko Landako kirol gunean, eta Mugertza III.ak bosgarren amaitu zituen lanak. Hain zuzen ere, lehen sei postuetan sailkatu ziren aizkolariek azaroaren 4an Iurretan jokatuko den finalean ariko dira. Honakoak dira aizkolari mutrikuarrarekin batera finala jokatuko dutenak: Juan Jose Lopez Azpilikueta (16.52), Arkaitz Jauregi (17.16), Luis Txapartegi (17.22), Jesus Mari Mujika (17.25) eta Jose Antonio Etxeberria (18.02).