Redstone Soluk musika zikloa egingo dute Ondarroan hirugarrenez, eta aurtengoa hainbat berritasunegaz datorrela iragarri dute antolatzaileek. Musika zikloak, esaterako, leku berria estreinatuko du. Hain zuzen ere, Arrigorri hondartzan dagoen
Mobydick tabernan ospatuko da. Egunari dagokionez ere, aurtengoa aldatuta dator. Aurreko musika zikloetako kontzertuak eguaztenetan izan ohi ziren, eta aurten, estreinako, barikuetan egingo dira kontzertuak, 20:30etik aurrera. Sarrera doakoa izango da.
Barikuan [urriak 12] egingo da lehen zuzenekoa. Antolatzaileek adierazi dutenez,
urria eta abendua artean egingo dira aurtengo zikloko kontzertuak, eta aurrekoetan modura, formatu txikia izango da protagonista. Larry Bird bilbotarrarena izango da lehen zuzenekoa, eta ondorengo hurrenkeran etorriko dira Jon Gurrutxaga, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Petti, Miren Narbaiza, Jon Basaguren, Naroa, Rafa Rueda, Inun eta Keu Agirretxea eta Mikel Etxaburu.
Redstone Soluk musika zikloaren aurkezpena. Ezkerretik eskumara: Txomin L. Aramaio, Aiert Goenaga eta Keu Agirretxea. Argazkia: Asier Rivera
Aiert Goenaga musika zikloaren arduradunak nabarmendu duenez, ilusioz abiatu dute Restone Soluk
hirugarrenez. “Hastapeneko helburuak mantentzen ditugu, alegia, herriko kultur eskaintza osatu eta herritarrak euskal musikara gerturatu euskal kulturaren transmisioa lantzeko bitarteko eraginkor bat izateko asmoz”.
Goenagak gaineratu duenez, aurten ere
baliabide gutxirekin gauzatuko dute ekimena, baina, hala ere, programazioaren kalitatea punta-puntakoa jarraituko duela azpimarratu du. “Oso pozik gaude honekin. Aurtengoan Larry Bird, Jon Gurrutxaga, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Petti, Miren Narbaiza (Mice), Jon Basaguren, Naroa, Rafa Rueda, Inun, Keu Agirretxea eta Mikel Etxaburu izango ditugu; esan bezala, oso kartel indartsua”.
Keu Agirretxea musikari ondarrutarrak azaldu duenez, Redstone Soluk moduko ekimenak euskal sortzaileentzat ezinbestekoak dira publikoarekin modu intimistagoa batean konektatzeko. “Formatu txikia oso aberasgarria da hartzailearentzat; alde batetik, emanaldiaz gozatzeko ematen diren baldintzegatik, eta, bestetik, kontzertu osteko hartu emana egoteko delako. Alegia,
sentsazio eta ideia trukaketa ematen da sortzaile eta hartzailearen artean. Sortzaile eta hartzaile garenontzat oso garrantzitsuak dira honelako komunikazioa errazten duten dinamikak”.
Txomin L. Aramaio kultur eragileak azaldu duenez, bestalde, Redstone Soluk Ondarroako
eskaintza kulturala aberasten duen ekimena da, Marabilli, Literatur Amuak, Orrigorri eta beste ekimen batzuekin batera. “Ekosistema kultural osasuntsua dugu herrian, eta denon ardura da bakoitzari dagokigun esparrutik hauek zaintzea”.