Azken mende erdiko dantza
Irrintzi Alai Dantza Taldeak dagoeneko mende erdiko ibilbidea bete du. Herriko gazte eta nagusiz osatuta dago taldea, eta beraien esku egon da, urte luzez, Busturia musika eta dantzekin girotzea.Busturiko herritarren artean beti egon da dantzarako eta ...
Irrintzi Alai Dantza Taldeak dagoeneko mende erdiko ibilbidea bete du. Herriko gazte eta nagusiz osatuta dago taldea, eta beraien esku egon da, urte luzez, Busturia musika eta dantzekin girotzea.
Busturiko herritarren artean beti egon da dantzarako eta musikarako ohitura handia: auzoetako festetan, mezen ondoren edota egun berezietan, aurreskulari eta txistulariek hartzen izan dute herria. Sokadantzak eta erregelak dantzatu dituzte herritarren aurrean. Horrela izan da, behintzat, azken mende erdian, Irrintzi Alai Dantza Taldeak bizirik daraman denboran, hain zuzen ere.50 urte bete ditu aurten Busturiko Altamira auzoan sortutako dantza taldeak, eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi eta jarduera berezi prestatu dituzte urte osoan. Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoak izan dira azken asteetan eskaini dituzten ikuskizunak: San Migel jaietan ia 100 dantzari bildu zituzten urteurren berezi hori ospatzeko.
Ekitaldiekin batera, herriko Kultur Etxean taldean parte hartu duten dantzari eta boluntarioak batzen dituen argazki erakusketa prestatu dute, urteurren berezi horretan taldean dauden eta egon diren kideei behar bezalako omenaldia egiteko. Eraikineko hormetan azken mende erdi honetan Busturian dantzan aritu diren hainbat eta hainbat dantzari ageri dira bertan, gazte zein nagusiak, duela 5 edo 50 urtekoak eta zaharragoak.
Busturiko izarra
Horren erakusgarri dugu Irrintzi Alai baino lehenago herrian sortu zen Goizeko Izarra Dantza Taldea, eta erakusketarako garai hartako dantzarien zenbait irudi biltzea ere lortu dute. Goizeko Izarrak 1948tik 1955ra arte iraun zuen, eta Busturian, Arrietan eta Bermeon hainbat dantza jaialditan parte hartu zuten taldeko kideek. Antonio Iragorri busturiarra izan zen taldea aurrera eraman ahal izateko lanean aritu zen eragile nagusia.
Hamahiru urte beranduago, 1968. urtean, Goizeko Izarraren errautsetatik sortu zen Irrintzi Alai. Dantzan aritzeko zaletasunak indartsu jarraitzen zuen Busturian, eta Altamirako gurasoen laguntzagaz lortu zuten taldea aurrera eramatea.
Rafael eta Rosa Mari Ormaetxea neba-arrebak izan ziren dantza taldeko irakasleak hasiera batean, German Larruzea, Ismael Bilbao, Asier Goieaskoetxea eta beste hainbat dantzarigaz batera. Urteak aurrera joan ahala, euskal dantzak biziberritzea lortu zuten Busturian. Taldeko kideek eta herriak dantzarekiko daukaten zaletasun hori argi ikusten da erakusketako irudi bilduman.
Ibilbide oparoa
Agurra, Xoxo dantza, Eusko Dantza, Zaragi dantza, Ikurrinarena, Dantzari Dantzakoak, Axuri beltza, SardiƱerak edota Larrain dantza, asko eta asko izan dira mende erdiko ibilbide luze horretan Irrintzi Alaikoek dantzatutakoak.
Arduradunentzat Dantza Taldean egin beharreko lana talde lana da. Irrintzi Alaik bere arduradunak eta irakasleak dituen arren, argi daukate jarraitu beharreko bidea dela dantzariek elkarrekin ikastea, nagusienek txikienei irakastea.
Gaur egun, taldean 60 bat dantzari daude, batez ere, ume eta gaztetxoak. Busturiarren artean ez dago zalantzarik: horiek dira etorkizuna, herriko kulturak bizirik jarrai dezan lan egingo dutenak, baita mundu zabaleko euskara, musika eta dantza herrira ekarri eta herrikoa mundu zabalera ezagutarazten lagunduko dutenak.