Lekeitioko Gaztegunea astelehenetik domekara egongo da martxan
Musikaia musika eskolak eta gazteentzako aisialdi zerbitzuak partekatuko dute Gazteguneko eraikina. Espazio berrian egoteko aukeragaz «pozik» azaldu dira MusikaiakoakLekeitioko Udalak eta Musikaia musika eskolak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute....
Musikaia musika eskolak eta gazteentzako aisialdi zerbitzuak partekatuko dute Gazteguneko eraikina. Espazio berrian egoteko aukeragaz «pozik» azaldu dira Musikaiakoak
Lekeitioko Udalak eta Musikaia musika eskolak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute. Akordio horren bidez, Lekeitioko Gaztegunean edukiko du egoitza Musikaiak, eta gazteei zuzendutako aisialdi zerbitzuagaz bat egingo du bertan. Bizikidetza posible dela eta ekintza biak bateragarriak direla ikusi dute. Hemendik aurrera, beraz, asteko zazpi egunetan egongo da martxan Gaztegunea. Horrela, urritik maiatzera bitarteko zapatu eta domeketan gazteen aisialdirako gune izaten jarraituko du, eta oporretan ere ohiko zerbitzua emango dute. Bestalde, iraila eta ekaina bitartean, musika eskola ere izango da, astelehenetik zapatu goizera arteko ordutegian.Oihana Etxabe Musikaia musika eskolako zuzendariak «pozik eta esker oneko» daudela azpimarratu du. «Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet Lekeitioko Udalari, kultur etxeko langileei, Eskola Publikoari eta bertako irakasleei, bai eta Nautikan egon diren kultur talde denei ere. Urte guzti hauetan gelak partekatzen egon gara, eta bandak instrumentuak ere utzi dizkigu. Eduki duten jasankortasuna eskertzekoa da».
Eraikina egokitzen
Gaztegunea ekimen bietara egokitzeko, Lekeitioko Udalak obra batzuk egin ditu ekainean eta uztailean. Terraza bat itxi eta gela bat eratu dute, besteak beste. Ondorioz, irailaren 3an hasi zuen Musikaiak lekualdaketa, eta irailaren 17an hasi ziren eskolak ematen Gaztegunean. «Ia Musikaia guztia gaude orain toki berrian, hala ere, pare bat ikasgai oraindik Nautikan gelditu behar izan dira momentuz, den-denontzako lekurik ez daukagulako», azaldu du Oihana Etxabek. Hala, Nautikan gelditu dira tronboia, tronpeta, bonbardinoa eta banda txiki, eta udalak Gaztegunea egokitzeko egingo duen bigarren ekinaldian guztiak Gaztegunean elkartzea espero dute. «Bigarren fasean erdiko solairuan gelak ateratzeko asmoa dauka udalak», aitatu du Musikaiako zuzendariak. Gaur egun espazio zabal bat dago erdiko solairuan, eta gelak ateratakoan denak Gaztegunera etorriko direla baieztatu du Etxabek.
Ikasturte honetan, guztira, 340 ikasle edukiko ditu Musikaiak, eta 11 irakasle. 2014an sortu zenetik, hazkunde nabarmena eduki du; 80 ikasle zeuden orduan. «Proiektu ezberdinak sortzen ere saiatu gara, rock taldea, koru ezberdinak, pandero taldea…, bai eta era guztietako kontzertuak eskaintzen ere. Gure izaera sendotzeko leku bat behar genuen, eta orain badaukagu».
Ume eta gazteez gain, heldu askok ere musika eskolan parte hartzeko pausoa eman dutela nabarmendu du zuzendariak. «Danbada handia eman dio koruak. Erretiratuak ere baditugu koruan, bai eta musika tresnak ikasten ere. Parte hartzeko grina piztu zaie askori, ilusioa eta gogoa badago musika ikasteko, inoiz ez dela berandu ikusi dute».
Aisialdirako prest
Bestalde, Lekeitioko aisialdi eskaintza handitzeko helburuagaz, joan den asteburuan jarri zuten martxan berriz ere Gaztegune zerbitzua. Udalak jakitera eman duenez, beti bezala, ume zein gazteek astero hainbat ekintza eta jolas edukiko dituzte bertan.
6 eta 16 urte arteko ume eta gazteek edukiko dute lekua Gaztegunean: 6-8 urte bitartekoak zapatu eta domekan 17:30etatik 19:30tara bitartean egon ahalko dira Kidegunean. 9-11 urte bitartekoek zapatuetan 18:00etatik 21:00etara eta domeketan 18:00etatik 20:00etara eta 12-16 urte bitartekoek zapatuetan 19:00etatik 22:00etara eta domeketan 18:00etatik 20:30etara izango dute Gaztegunea zabalik.