Gipuzkoako Finalista Egunerako izen ematea zabalik dago Mutrikun
Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Villabonako Aizkardi mendizale elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Eskolarteko 31. Mendi Lehiaketa eta Finalista Eguna egingo dituzte domekan [urriak 21], Villabonan.
Finalista Egunean Gipuzkoako hainbat ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute. Mutrikuko Eskola Kirola eta Burumendi Mendizale Elkarteak, bere aldetik, Finalista Egunera joateko izen ematea koordinatuko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, interesatuek eguaztenerako [urriak 17] eman beharko dute izena, bakoitzak bere ikastetxean. Nabarmendu dutenez, irteera LH 3tik 6ra bitarteko eta DBHko ikasleei eta horien gurasoei dago zuzenduta. Bertara joan nahi dutenek autobusa edukiko dutela iragarri dute. Autobusak 08:00etan irtengo du Mutrikuko goiko autobus geltokitik.
Hitzordu nagusia, berriz, 09:00etan ipini dute, Villabonako Errebote plazan. “Ibiltariek, hasteko, beren parte hartzea baieztatu beharko dute harrera mahaietan”. Mendizaleek 12,90 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta berorren iraupena bi bat ordukoa izango dela aurreratu dute.
Honako hauek kontuan hartzea beharrezkoa dela gogorarazi dute antolatzaileek: umeak ezingo dira bakarrik joan, guraso baten ardurapean joan beharko dira, pertsona berdinaren ardurapean ume bat baino gehiago joan daiteke eta, azkenik, arropa eta oinetako egokia (aldatzeko ere) eraman beharko da, hamaiketakoarekin batera.