Bigarren urtez, Castrok eta Urkiolak irabazi dute Gernika-Lumoko Rallya
Sailkapenean bigarren egin dute Victor Etxabek eta Mikel Arzak, eta hirugarren Iokin Agirrek eta Arantzazu Aranetak. Parte hartzaileak «gustura» aritu dira, lasterketa «gogorrean»72 auto hartu ditu aurtengo Gernika-Lumoko Rallyak; 61 auto lastertas...
Sailkapenean bigarren egin dute Victor Etxabek eta Mikel Arzak, eta hirugarren Iokin Agirrek eta Arantzazu Aranetak. Parte hartzaileak «gustura» aritu dira, lasterketa «gogorrean»
72 auto hartu ditu aurtengo Gernika-Lumoko Rallyak; 61 auto lastertasun proban lehiatu ziren zapatuan, eta 11 auto Sport erregulartasunaren kategorian. Lastertasun proban aritutako autoetatik, baina, 25 autoek baino ez dute lortu lasterketa burutzea; gainontzekoek matxura edo kolperen baten ondorioz lasterketa bertan behera utzi behar izan baitute. Bigarren urtez jarraian, Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak lortu dute garaipena.Lasterketa irabazteko faboritoen artean zeuden iazko irabazle Castro eta Urkiola (Escuderia Sardara), eta zaleei hutsik egin barik, lasterketa ona egin, eta garaipenagaz etxera bueltatzea lortu zuten. BMW M3 autoagaz, 52.38.434ko denbora eginda helmugaratu ziren.
Zortzigarren aldia da Castrok Gernikako Rallya lehiatzen duena. Oso rally polita dela eta beti nahi izaten dutela bertan parte hartu dio. Aurtengoa, gainera, are gehiago gustatu zaio pilotuari. «Ibilbidea ezberdina izan da, askoz gehiago gustatu zait. Tarte berrietan ibili gara, eta horrelakoetan nabaritzen da autoa gidatzeko orduan bata eta bestearen arteko diferentzia; izan ere, azken finean rally bat errepidea ondo ezagutzea baino pilotu eta kopilotuaren arteko lana izaten da». Eta lan horretan, kopilotuaren beharra azpimarratu du, «berak egiten duen lana barik nirea ondo egitea ezinezkoa litzatekeelako».
Hainbatek matxura
Lehiatuko ziren gidariak ikusita, Castrok eta Urkiolak zapatuko lasterketa zaila izango zela aurreikusten zuten; dena den, «beti bezala, borrokan» aritu zirela azaldu du. Etapa bi izan zituen zapatuko lasterketak, eta goizekoan hainbat auto gidari eta kopilotuk utzi behar izan zioten lehiatzeari. Horien artean zeuden, esate baterako, lasterketa irabazteko faborito ziren Ivan Muñoz gernikarra eta Gorka Antxustegi eta Txus Jaio pilotu markina-xemeindarrak.
Etxebarriko Kastinparro Racing elkarteko Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia (Renault Megane) ere lasterketa txukuna egiten zebiltzan, harik-eta matxura izan zuten arte, lasterketaren bigarren etapan. Lehenengo etapa, sailkapen orokorraren bigarren postuan bukatu zuten, Castro eta Urkiolaren atzetik.
Azkenean ere, sailkapen orokorrean bigarren egin zutenak Victor Etxabe eta Mikel Arza (Zamudio Racing) izan ziren, eta hirugarren sailkatu ziren, aldiz, Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta (Lagun Artea). Sari lokala, bestalde, Gernika Racing taldeko Julen Sarrionaindiak eta Josu Barruetak jaso zuten. Renault Clio Maxi autoagaz lehiatu ziren, eta 56.44.735eko marka eginda, sailkapen orokorreko seigarren postua eskuratu zuten.
Gernika Racing taldeko ordezkariek jakinarazi dute ezbehar larririk gabe lehiatu zutela ra- llya, eta hori dela garrantzitsuena nabarmendu dute. Zenbait parte hartzailegaz hitz egin zuten, eta «gustura» aritu zirela adierazi zieten. Aurtengoa «zaila eta gogorra» izan dela ere aitortu zieten. Rallya ikustera bertaratutako ikusleak ere asko izan zirela azpimarratu dute; «batez ere, arratsaldean». Ez zuten hainbeste jende espero, eta horietako asko errepidetik aldentzen ere pasa zuten denbora; horren ondorioz, atzerapenagaz hasi zuten lasterketa.
Atzerapenak atzerapen eta zailtasunak zailtasun, beste behin ere, jendetza batu du Gernika-Lumoko Rallyak.