Aldundiak andrazkoen eskupilota I. Bizkaia Torneoa aurkeztu du gaur [urriak 17], Bilbon. Txapelketa urriaren 26an hasiko da Bizkaia frontoian, eta bertan,
hamabi pilotarik parte hartuko dute sei bikotetan banatuta. Leire Etxaniz etxebarritarra txapelketa jokatuko dutenetariko bat izango da.
Txapelketari dagokionez, hiru bikotez osatutako bi multzo egingo dira.
Itzuli bakarreko liga erara jokatuko da, multzo bakoitzeko bikoteen artean. Aurreratu dutenez, zortzi partidu jokatuko dituzte, astero bina; hau da, partidu bat multzo bakoitzeko.
22 tantotara jokatuko dira partiduak. Norgehiago bakoitzeko irabazleak 2 puntu irabaziko ditu eta galtzaileak, aldiz, bakarra. Bikoteen arteko berdinketa gertatuz gero, haien arteko partiduetan tanto gehien egiten dituena sailkatuko da. “Berdinketak jarraituko balu, bikote gazteen sailkatuko da”. Multzo bakoitzeko lehena finalerako sailkatuko da. Bigarrenek, berriz, 3. eta 4. postua lortzeko partidua jokatuko dute. Finalaurrekoa eta finala azaroaren 17an jokatuko dira
Bizkaia frontoian, eta partidu horiek telebistaz emango dutela aurreratu dute.
Bizkaia torneoaren aurkezpena. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Txapelketaren lehen jardunaldian, alde batetik, Ainhoa Urienek eta Maider Mendizabalek osatutako bikotearen aurka jokatuko dute Amaia Araiztegik eta Maite R. de Larramendik. Miren Larrarte eta Mirian Arrillaga, berriz, Olatz Arrizabalaga gernikarraren eta Olatz R. Larramendiren aurka ariko dira.
Azaroaren 2an, beste bi partida jokatuko dira: Patri Espinar-Maddi Mendizabal vs Amaia Araiztegi-Maite R. de Larramendi eta Miren Larrarte-Mirian Arrillaga vs Eneritz Arrieta-Leire Etxaniz. Hirugarren jardunaldia azaroaren 9an izango da. Partidetako batean, Patri Espinarren eta Maddi Mendizabalen aurka neurtuko dituzte indarrak Ainhoa Urienek eta Maider Mendizabalek. Bestean, ostera, Olatz Arrizabalaga eta Olatz R. Larramendi nor baino nor hobeto ariko dira kantxan Eneritz Arrietaren eta Leire Etxanizen aurka.
Txapelketan jokatuko duten amateur mailako hamabi pilotariek lehen aldiz kiroleko lan kontratua izango dute
Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak baieztatu duenearen arabera,
emakumeen presentzia kirolean aldundiaren erronketako bat da, horregatik egingo da aurten lehenengo aldiz Andrazkoen eskupilotako I. Bizkaia Torneoa. “Gure pilotariak beste emakume eta neskentzako eredua izatea da gure xedea, beren urratsak jarraitu ditzaten eta emakumeen artean eskupilota jokatzeko zaletasuna hazi dadin”.
Nabarmendu dutenez, lehen aldiz kiroleko lan kontratua izango dute amateur mailako hamabi pilotarik jokatuko dute txapelketan. “Bertan, nola ez, beren jokoa dela eta, kiroleko lan kotratua egin diegu pilotariei. Kalitatezko txapelketa bat egin nahi izan dugu, eta berme guztiekin; eredu izan nahi dugu egunero jokalekuan beren onena emateko ahalegina egiten duten emakume pilotarien bultzadari dagokionez”.
Iragarri dutenez, eskupilotako txapelketaz gain,
pala txapelketa ere jokatuko dute abenduaren 8tik 28ra bitartean. Txapelketa bakoitzean liga sistemaren bidez bi taldetan banatuko diren sei bikotek jokatuko dute, eta talde bakoitzeko irabazlea pasako da finalera.