24 klub bilduko ditu 21. Xixili Torneoak Gernika-Lumon, domekan
21. Xixili Torneoa lehiatuko dute Gernika-Lumoko Santanape kiroldegian, domekan. 14:30ean hasi eta 19:00ak aldera bukatuko dutela aurreikusi dute. Besteren artean, Bizkaiko, Gizpuzkoako, Arabako, Nafarroako, Errioxako, Kantabriako, Asturiasko, Burgosko...
Hain zuzen ere, 170 gimnastikalarik parte hartuko dute, eta 40 entrenatzaile edukiko dituzte alboan. Gimnastikalarien lana zorrotz aztertuko duten hamasei epaile egongo dira.
Bermeoko Xixili Gimnastika Taldeak antolatu du, eta ordezkarien berbetan, goi mailako torneoa da honakoa, eta ikuskizun paregabea ziurtatuta daukate Santanapera doazenek.
Mende laurdena
Xixili taldeak aurton 25. urteurrena betetzen du, eta hainbat ekintza egin dituzte ospatzeko. Urteurrenerako ekitaldien artean dago bai eta ere aipatutako torneoa. «Maila honetako torneoa antolatzeak lan handia eta finantziazio garrantzitsua suposatzen du, beraz, eskertu behar ditugu Gernika-Lumoko eta Ber- meoko kirol patronatuak, Euskadiko eta Bizkaiko Gimnasia erritmikako federazioak eta hainbat enpresa pribatu».
Nabarmendu dute guztien artean lortu izan dutela Xixilik 25 urte horietan eskualdeko 4.000 ume eta gazteri gimnasia erritmikoa lantzeko aukera ematea.
2018-2019 ikasturtean, Busturialdeko ia 200 gimnastikalari daude taldean. «Ilusioz beterik daude, eta taldearen baloreak lantzen: errespetua, talde lana, esfortzua, norberaren eta besteen mugak eta aukerak onartzea eta taldekidei laguntza eskaintzeko beti prest egotea», azaldu dute Xixili klubaren ordezkariek.
Bermeoko taldea izan arren, eskualde osoko herritarrak batzen ditu, eta Gernika-Lumoko eta Bermeoko kiroldegietan eskaintzen dute zerbitzua. Taldekide izan eta gimnasiaz gozatu nahi dutenentzat ateak zabalik dituztela esan dute.