Aurten ere jarraipena emango diote Hezkidetza Egitasmoari
Ondarroako udal iturriek jakitera eman dutenez, martxan da beste urte batez Ondarroako Hezkidetza Egitasmoa. «Ikasturte honetan ere Hezkidetza Egitasmoa martxan ari da Ondarroako gazteekin, zein ikas komunitate osoagaz (ikasle, irakasle, zein familiek...
Bisit Beiro Berdintasun zinegotziak jakitera eman duenez, «herri hezkidetzailearen bidean, hainbat dira landu beharrekoak, eta bereziki, oso garrantzitsutzat jotzen dugu, eskola orduetatik kanpo, eguerdi zein arratsaldetan, burutzen diren ekintzetan izan dezakegun begirada. Hezkidetzaren betaurreko moreak txertatu egin behar ditugu hezkuntzaren esparru guztietan».
Joan den urtean «teorikoagoa» izan zen saioa, aurtengoan, berriz, ariketa praktikoei emango diete lehentasuna. «Hezkidetzaren oinarrietan murgiltzea helburu, hezitzaile guztien artean, gure praktiketan topatzen ditugun egoerak aztertu eta hausnartuko ditugu», gaineratu du Beirok.
Gaiagaz lotuta, gainera, hezkuntza araututik harago lanean ari diren hezitzaileei bideratutako formakuntza saio bat ere antolatu dute. Aurreratu dutenez, saioa urriaren 26an egingo da, Etxelilan. «Formakuntza hori egiteko bi ordutegi eskainiko dira, herritar ororen ordutegietara egokitu ahal izateko». Goizeko saioa 10:00etatik 11:30era egingo da, eta arratsaldekoa, berriz, 16:00etatik 17:30era.