Mendien kudeaketarako Foru Arau propioa aurkeztu du EH Bilduk
EH Bildu Bizkaiak mendien kudeaketarako Foru Arau propioa proposatu du, zeinek, koalizioaren ustez, «baso-politika berri baten hasiera» suposatuko lukeen, «mendiak etorkizun sozial, ekonomiko eta ingurumen jasangarri bateranzko bidea egiteko oinarri...
Produkziorako modelo berrietara igarotzea proposatzen du, eta, horretarako, espezie ezberdinen aldeko apustua egin behar dela deritzo, hartara, «kalitateko egurrak ekoizteko, ustiategiek errentagarritasun handiagoa izan dezaten eta egurraren industria laguntzailearen sektorea indartu eta garatu dadin». Azken batean, basoak ekosistema bezala berreskuratzeko beharrizana ikusten du EH Bilduk; horretarako, bertako espezieak babestu eta berreskuratuko dituzten politika publikoen alde eginez.
Koalizioaren arabera, pinuek jasaten dituzten gaixotasunak ez dira «gertakari edo istripu bat», baizik eta «40 urtez eman den monolaborantza eta baliabide naturalen ustiapen intentsiboen ondorioa: pinu eta eukalipto landaketak, makineria handiaren erabilpena, lurzoruen higadura, pestizidak, lurren emankortasunaren galera…». Halaber, kalitate baxuko egurren aldeko apustuek ere eragin dute EH Bildukoen ustez basoen sektorea «kale itsu batean sartzea».