Teresa Donearen jaiak, umeentzako ekimenez bete
Teresa Donearen jaiak ospatuko dituzte asteburuan beheko arrabalean, Atxondoa auzoan. Urtero modura, Bikale tabernak antolatzen duen margo lehiaketagaz hasiko dituzte jaiak zapatu goizean.Gero eta txiki gehiagok eta nagusi gutxiagok parte hartzen zutel...
Gero eta txiki gehiagok eta nagusi gutxiagok parte hartzen zutela eta, partaideen adin tartea moldatu egin dute, eta, beraz, 3tik 10 urte bitarteko ume eta gaztetxoek parte hartu ahalko dute 24 urte beteko dituen sariketan. Antolatzaileek azaldu dutenez, nagusiagoek ere badaukate parte hartzeko aukera, «baina ez dute saririk edukiko».
Zapatuan 10:00etatik 12:00etara zigilua emango diete parte hartzaileen orriei, eta lanak aurkezteko epea 14:00etan amaituko da. Jakitera eman dutenez, lanaren neurria eta teknika partaide bakoitzak aukeratuko ditu, eta orria eta margotzeko tresnak ere bakoitzaren kontura izango dira. «Herriko lekuren bat margotu behar dute parte hartzaileek, nahi dutena».
Buruhandiak eta txokolatea
Sari banaketa lehiaketa egunean bertan egingo da, 19:00etan, Bikalen, eta sari modura eskolako materiala edukiko dute irabazleek. Aurkeztutako obrak, gainera, ikusgai egongo dira bertan tabernan, hilabete osoan.
Sormenak jolasari egingo dio tartea arratsaldean. Horrela, 17:00etatik aurrera, txingak, aulki-jokoa eta jolas parkea egongo dira, azken hori Markina-Xemeingo Guraso Elkartearen eskutik. «Lehen Zelaian antolatzen zituzten jolasak, baina jai biek bat egiten genuela ikusita, elkartzeko proposamena egin ziguten, eta guztiz eskertuta gaude», azpimarratu dute. Eskerrak eman nahi izan dizkiote bai eta ere udalari, egiten duten jai txiki hori laguntzen duelako.
Teresa Donearen jaietan ohiko duten modura, buruhandiak eta txokolatea ez dira faltako. «Auzoko amamak egiten zuten lehen txokolatea, eta, orain, euren alabek hartu dute ordezkotza». Txikienak buruhandien zain egoten direla ere azaldu dute; bai zapatu arratsaldean, bai domeka goizean ere aterako dituzte kalera.
Bestalde, jaiari doinua jartzeko ardura Garik eta Amaiak edukiko dute. 18:00etatik 20:00etara eskainiko dute erromeria, Bikale aurreko aparkalekuan.
Domeka eguerdian emango diote azken astindua jaiari. Horretarako, musika eta buruhandiak egongo dira, eta aurreratu dutenez, txinga txikiak ere aterako dituzte umeen gozamenerako.