Jolas giro zoragarria egon da Teresa Donearen jaietan
Jolaserako gogoz zeuden ume eta gaztetxoek bete dute asteburuan Atxondoa auzoko beheko arrabala. Teresa Donearen jaiak izan direla eta, beti-betiko jolasak (txingak, aulki-jokoa, bola jokoa, dardoak) eta herriko Guraso Elkarteak antolatutako jolas park...
Txokolateak eta buruhandiek ere arrakasta handia eduki dute. Horrela, txokolate den-dena amaitu zela nabarmendu dute antolatzaileek. «Pozik ibili ziren umeak buruhandiekin ere; emozioaren emozioagaz puxika denak apurtu eta konpontzen ibili behar izan ginen». Gari eta Amaiaren, musikagaz ere gustura aritu ziren dantzan.
Urtero modura, Bikale tabernak antolatzen duen margo lehiaketak ere parte hartze handia eduki zuen. 3 urtetik 10 urtera bitarteko 50 margolarik parte hartu zuten. Goiz osoan lanean jardun zuten ume eta gaztetxoek irudiak egin eta margotzen, eta orain euren lanak ikusgai egongo dira hilabetez, Bikaleko hormetan jarrita dagoen erakusketan.
Horrez gain, guztien artean sari batzuk ere banatu zituzten, adinaren arabera. Hauek izan ziren irabazleak: 3-4 urte bitartekoen atalean, Gaia Unanua, Malen Portu eta Alazne Urriolabeitia; 5-6 urte bitartekoen artean, Elaia Arriaga, Iraia Goti eta Araia Portu; 7-8 urte bitartekoen artean, Mikele Idoeta, Enara Olabarria eta Izaro Barinagarrementeria; 9-10 urte bitartekoen artean, Laura Liebana.
Teresa Donearen jaietako antolatzaileek eskerrak eman dizkiete ume eta gurasoei jaietara hurreratu eta ekimenetan parte hartzeagatik. «Jende asko etorri zen, eta oso pozik gaude. Guraso Elkarteari eta udalari ere euren laguntza eskertu nahi diegu, guztien artean jaiak aurrera jarraitzea posible egiten dutelako».