Azalien asteburu kulturala herriko artisten lana ezagutzera ematera dator
Egitasmoak mota guztietako arte diziplinak batuko ditu: besteak beste, pintura, musika, dantza, argazkilaritza, zinema, grafitiak, eskultura, bakarrizketak, poesia edota antzerkiaAzalien asteburu kulturalak urriaren 26tik 28ra bitartean Bermeoko artist...
Egitasmoak mota guztietako arte diziplinak batuko ditu: besteak beste, pintura, musika, dantza, argazkilaritza, zinema, grafitiak, eskultura, bakarrizketak, poesia edota antzerkia
Azalien asteburu kulturalak urriaren 26tik 28ra bitartean Bermeoko artisten arte diziplinetako lanak ezagutzera emango ditu. Ekimena Barrueta Arte Elkarteak antolatu du, Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Azalien antolatzen duten bigarren aldia izango da.Bermeoko bizilagunek, modu horretara, pintura, musika, dantza, argazkilaritza, zinema, grafitiak, eskultura, antzerkia, zeramika eta hainbat kontzertugaz gozatzeko aukera edukiko dute.
Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Pedro Lazpiur, Gotzon Zulueta, Rosa Mari Gabantxo eta Nerea Gazaga Barrueta Arte Elkarteko kideek aurkeztu dute egitasmo berezia. Astuik azaldu duenez, asteburuan herriko 20 arte edota kultur elkarte inguruk parte hartuko dute, baita banakako artistek ere. «Azalien asteburu kulturala iaz egin zen lehenengo aldiz, arrakasta izugarria izan zuen, eta herritarrek oso ondo baloratu zuten. Hortaz, aurten ere ospatuko da, gainera, iaz baino parte hartzaile gehiagogaz», gaineratu du.
Bariku arratsaldean emango diote hasiera ekimenari, eta asteburu osoan zer egin izango dute Kofradia Zaharrera bertaratzen direnek. Artelanak ikusteaz gain, buztin eta zeramika tailerretan parte hartu, bakarrizketak edota olerki irakurketak entzun eta film laburrak ikusi ahal izango dira bertan; modu horretan eskaintza zabala eta interesgarria sortuko dute artearen jarraitzaile zein ikusminagaz hurbiltzen diren herritarrentzat.
Egitasmoaren helburuak zehaztu nahi izan dituzte: alde batetik, herriko artistek egiten dituzten arte diziplinetako lanak toki berean batuko dituzte, herritarrei eta interesa duten guztiei ezagutzera emateko. Beste alde batetik, «elkarren lanak ezagutuz artisten arteko harremanak indartu» nahi dituzte. Era horretara, Bermeoko artistak eta euren lan garrantzitsuak herritar guztiei ezagutzera emateko aukera eman nahi dute.
Erotismoa
Kultur ekimenak dakartzan berritasunak zehaztu dituzte arte elkarteko ordezkariek. Aurten, nabarmendu dutenez, asteburu kulturalak erotismoa hartuko du oinarri bezala. Erotismoa gai nagusitzat aukeratzerako orduan, gai «zaila, polemikoa» dela azaldu du Lazpiurrek, eta herritarrek edo artistek horri buruz zer pentsatzen duten ez dagoela argi nabarmendu du. Horrela, artistak gai horregaz zerikusia daukaten obrak sortzera eraman nahi dituzte, ikuslegoarentzat «erakargarria» izan daitekeelako.
Astuik eskerrak eman dizkio Barrueta Arte Elkarteari, ekimena antolatzeko hartutako «lanagatik eta arduragatik», eta herritar guztiak gonbidatu nahi izan ditu Kofradia Zaharrera. «Herritarrek, eskualdeko bizilagunek eta europarrek badaukate zer ikusi Bermeon, asteburuan».