Emakumeek Saturrarango historian izan duten eraginari buruzko hitzaldia emango dute Mutrikun
Arantza Ugarte eta Xabier Basterretxea Txordo mutrikuarrek Emakumeak Saturrarango memorian deritzon hitzaldia emango dute eguenean [urriak 25], 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Bi herritarrek hainbat urte daramatzate Saturrarango historia ikertzen eta orain arte bildutakoa aztertzen. Berbaldia, hain zuzen ere, emakumeek Mutrikuko txoko hortan hainbat etapatan izandako eraginari buruzkoa izango da.
Saturraran hondartza eta inguruak, gaur egun, Mutrikuko Flysch beltzarengatik dira ezagunak, baina historian beste hainbat gauzengatik izan da ezaguna gunea. XIX. mendean, bainuetxe ezaguna zen eta inguruan hainbat hotel ere eraiki ziren, batzuen jabetza emakumeen izan zutelarik. Tamalez, bere historiako pasarterik ilunena ere emakumeei loturik egon da, 1938tik 1944ra emakumeentzako espetxe bilakatu baitzen eta milaka emakume preso egon ziren bertan, oso baldintza gogorretan.