Azken hilketa matxista salatzeko egingo dira
elkarretaratzeak. Joan den urriaren 16an, sua piztu zen Iruñeko Kale Nagusiko etxebizitza batean, eta emakume bat larri zaurituta eraman zuten Zaragozako Miguel Servet ospitalera. Emakumea atzo hil zen jasandako erreduren ondorioz. Yolanda Jaen Gomez zuen izena eta 50 urte zituen. Bezperan haren bikotekidea espetxeratu zuen epaileak emakumea hiltzea leporatuta.
Gaur [urriak 24], Aulestin, Munitibarren eta Ondarroan egin dituzte elkarretaratzeak. Aulestin, 19:30ean, plazan. Munitibarren, 19:30ean, Bidegurutzean; eta Ondarroan, 19:00etan, Alamedan.
Bihar [urriak 25], Markina-Xemeinen, Lekeition eta Mutrikun batuko dira. Markina-Xemeinen, 20:00etan, udaletxe aurrean; Lekeition, 19:00etan, Eskolapean, eta Mutrikun, 18:30ean, Goiko Plazan.
Ondarroako elkarretaratzea.
Ondarroako Udalak, bere aldetik, horrela arrazoitu du deialdia: “Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea”.