Literatur amuei haginka egiteko hitzordua ekimenez beteta dator
Literatur Amuak ekimenak zazpigarren urtea beteko du urriaren 27tik azaroaren 4ra. Formatu txikian, literaturak zipriztindutako hamabi ekimen eskainiko diraOndarroako Udalak antolatuta, Literatur Amuak ekimena egingo da urriaren 27tik azaroaren 4ra bit...
Literatur Amuak ekimenak zazpigarren urtea beteko du urriaren 27tik azaroaren 4ra. Formatu txikian, literaturak zipriztindutako hamabi ekimen eskainiko dira
Ondarroako Udalak antolatuta, Literatur Amuak ekimena egingo da urriaren 27tik azaroaren 4ra bitartean, zazpigarren urtez. Literatura ardatz hartuta, besteak beste, film proiekzioak, antzerki saioak eta musika emanaldiak eskainiko dituzte, hamabi ekitalditan banatuta.Udalaren esanetan, egonkortasuna lortu duen proiektua da Literatur Amuak, eta formatu txikian Ondarroako zein Ondarroatik kanpoko jende askoren arreta lortu du urte hauetan guztietan. Horrela, badakite jakin galdu ezinezko hitzordua bihurtu dela, besteak beste, eskualdeko askorentzat. Eta aurtengo proposamena ere ikusle ugari erakartzeko gogoz jaio da.
Liburu baten inguruko gogoetekin ekingo zaio aurtengo ekitaldiari. Horrela, Ondarroako Liburuen Amuak irakurketa taldearen lehen deialdiak Literatur Amuak 2018 ekimenagaz hasteko balioko du. Parte hartzaileek Ana Magalonen Gelditu zaitez nirekin liburuak iradokitzen dien guztiari buruz berba egingo dute, Joxemari Urteaga idazle eta kultur eragileagaz, lagun arteko giroan.
Bost saio
Zapatukoa Liburuen Amuak ekimenaren barruan aurten irakurriko diren bost liburuetatik lehenengoa izango da. Urteagak esan duenez, Liburuen Amuak ekimenean talde egonkor bat dago, nahiz eta hilabete batzuetan besteetan baino jende gehiago erakarri. «Beti konbinatzen ditugu lan originalak eta itzulpenak; gizonezko egileak eta emakumeak. Eta beti saiatzen gara Augustin Zubikarai lehiaketako irabazlearen beharra urteko programazioan sartzen, aurten posible izan ez bada ere, Katixa Agirreren lana argitaratu berri delako», esan du azken urteetan ekimenaren gidaritza hartuta daukanak.
Ordubete idazteko
Zazpi urte bete ditu Literatur Amuak ekimenak, Augustin Zubikarai ipuin rallyak beste. Urriaren 31n jarri dute aurtengo hitzordua. Ondarroako ikastetxeetako ikasleek ordubete edukiko dute ipuin bat idazteko, momentuan bertan emango zaien esaldi bat erabilita. Azaroaren 1ean, liburu bat ez, bi aurkeztuko dira: Zubikarai Saria irabazitakoak biak. Alde batetik, 2016an saria eskuratu baina aurten aurkeztu duen Katixa Agirreren Amek ez dute idazten liburua agertuko da jendeaurrean; eta, bestetik, iazko irabazle Xabier Etxebarriarena, Berriro itzuliko banintz izenburupean aurkeztu duena. Azken urteetan, ezohiko eran aurkezten dira Augustin Zubikarai literatur bekaren irabazleen lanak. Joxemari Urteaga kultur eragilea da kasu horretan ere gidari. Lazkaotarrak Etxebarriari egindako galderen bidez piztuko du entzuleen artean bekaren azken uztarenganako interesa. Ekitaldi bera aprobetxatuko da nanoipuin lehiaketako sariak aurkezteko ere. 25 lan aurkeztu dira aurtengo deialdian, eta hiru onenak aukeratzea dagokio epaimahiari.
Eguneko proposamenekin amaitzeko, Ttak bakarrizketa saioa prestatu dute, Euskaraldia ariketa kolektiboaren harira, umorea ardatz duen bakarrizketa. Beatriz Egizabal klown eta antzerkilariak hartuko du ardura. «Euskaraldia zer den azaldu eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gertatuko denaren berri emango digu, umoretsu jarrita. Hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa egingo dugu beragaz batera», adierazi dute antolatzaileek. Ez da Euskaraldia prestente egongo den ekimen bakarra. Izan ere, Literatur Amuak 2018 ekitaldiaren barruan antolatzen diren saio guztietan Euskaraldian izena emateko aukera egongo da.
Espazio berriak
Kontzertuak ere badira Literatur Amuak ekimenaren parte. Aurten, berrikuntza bat dago atal horren baitan. Azaroaren 4an, Hitzen Ahaierea izenaren pean, Gotzon Barandiaran idazlea eta Rafa Rueda musikariak eskaini duten saiorako, espazio berri bat irabazi dute: Mobydick taberna.
Gonbidatuen artean, batzuek errepikatu egiten dute, Oier Guillan zuzendari artistikoak, esate baterako. Hark gidatuko du azaroaren 4an Emakume burugabea izenagaz aurkeztuko duten saioa. Ondarrutar bat ere badago oholtzara igoko direnen artean, Nerea Gartzia aktorea.