Mendia eta ondarea batuko ditu bigarren Mendi Asteburuak
Ahaztuen Oroimena elkartearen eskutik Zapolako lubakiak bisitatzeko aukera egongo da zapatuan. Xabier Amorrortu abentura kirolzale ezagunak hitzaldia emango du etziIaz hasitako bideari jarraipena emanez, mendiagaz zerikusia daukaten ekintzak antolatzen...
Ahaztuen Oroimena elkartearen eskutik Zapolako lubakiak bisitatzeko aukera egongo da zapatuan. Xabier Amorrortu abentura kirolzale ezagunak hitzaldia emango du etzi
Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, mendiagaz zerikusia daukaten ekintzak antolatzen dituzten Etxebarriko eta Markina-Xemeingo taldeek bat egin eta bigarren Mendi Asteburua prestatu dute. Artibai Mendigoizale Taldeak eta Sustraiak Naturak Ahaztuen Oroimena elkartea gehitu dute egitasmora aurten, eta horrela, mendiari eta naturari historia eta ondarea erantsi diote.Xabier Amorrortu Petra-ren hitzaldiagaz hasiko da barikuan Mendi Asteburua. Antsotegi hotelean emango du hitzaldia, 18:00etan, abentura kirolzale elorriarrak. Amorrortuk slackline, highline eta zubi saltoak egiten ditu, besteak beste. «200 metroko amildegia duen Nerbioi ibaiko zubi batetik salto egin zuen ertz batetik bestera; hori egiten Euskal Herri mailako onena da», azaldu du Sustraiak Naturako Julen Hernandok. Bere bizipenetan oinarrituta Oreka; sokaren gainean bizitako istorio bat kontatuko du Antsotegin.
Zapolako lubakietara ere irteera bat egongo da Mendi Asteburuaren baitan. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideen laguntzagaz udaberri osoan berreskuratzen aritu diren Zapolako lubakiak ikusi eta hango pasarteak ezagutzeko aukera egongo da zapatu goizean. Boluko iturrian elkartu eta justu herri lurretan dauden lubakietara abiatuko dira parte hartzaileak, azalpenak bertatik bertara entzuteko. «Ekainaren amaieran auzolan deialdia egin eta hogei bat lagunen artean garbitu ziren lubakiak; orain, jende askok ezagutzen ez duen inguru horren inaugurazioa egingo litzateke», aitatu du Eneko Arratek. Larruz baserriaren bueltan edur zulo bat ere badagoela gaineratu dute. 09:00etan jarri dute abiatzeko ordua; autoz doazenekin, berriz, Larruzen geratuko dira, 10:00etan.
Orientazio ibilaldia
Mendi Astearen antolatzaileek zehaztu dutenez, Zapola mendiaren aurreko partean ere badago lubaki bat. Ikazkin lanetan aritutako herritar batek adierazi zien horrela, eta hainbat urtez desagertuta egon den lubakia aurkitu dute «basurdeen modura sasi artean ibilita» Ahaztuen Oroimena elkartekoek. «Lubaki horiek bigarren lerrokoak dira. 36ko gerran Akarregin egon zen inguru honetako lehenengo lerroa, eta badaezpada bigarren lerroa egin zuten. Bigarren lerro hori sekula ez zen erabili. Gernika-Lumo bonbardatu zutenean ihes egin zuten guztiek, hori dela eta, oso ondo mantendu da». Babesleku bat ere badagoela esan dute parte horretan.
Domeka goizean hainbat urtez Artibai Mendigoizale Taldeak antolatu duen Orientazio Ibilbidea egingo da, batez ere ume, gaztetxo eta gurasoei zuzenduta. Mapa bat eta pista batzuk eman eta herri inguruan kokatutako puntu jakin batzuetan probak bete beharko dituzte parte hartzaileek. Aurreratu dutenez, aurten, Markina-Xemeingo ermita batzuetatik igaro beharko dira ibilaldia osatu ahal izateko. 10:00etan hasiko da ekimena, Arkupe aurrean.
Markina-Xemein beti oso mendizalea izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, baina zaletasun hori gazte eta gaztetxoen artean galtzen ari dela ikusi dute. Hori dela eta, Mendi Asteburua izaera mendizale horri bultzada emateko era bat ere badela gaineratu dute. Gazteei edo abentura kirolzaleei begira, hortaz, mundu mailan erreferente den Mendi Tour, Bilbo Mendi Film Festibaleko pelikula aipagarrienen proiekzioa prestatu dute bigarrenez.
Horrela, abendu hasieran, Bizkaiko hiriburuak ospatzen duen jaialdira aurkeztu diren bost film ikusi ahalko dira domekan, 18:30ean,kultur aretoan: Where the Wild Things Play (4?) kirol abentura egiten duten emakumeei buruzko lana; Aurrera (6′) 40 urte baino gehiago lasterka egiten daraman 68 urte dituen Irene kirolariari buruzko filma; Mama (44′) Kinga Ociepka-Grzegulska eskalatzailearen erronka berriari buruzko lana; Song for the Nomad (6′) hiriburu modernoa eta nomaden mundua uztartzen dituen filma eta Safety Third (28′) Brad Gobright eskalatzaileari buruzko filma.
Sarrerak 5 euro balioko ditu, eta aldez aurretik eskuratu ahalko da udaletxean.