Ondarroan materiala batuko dute saharar kanpamenduetara eroateko
Ondarroako Yaalah elkarteak eskola materiala eta osasun materiala lortzeko kanpaina hasi du. Materiala uzteko azken eguna azaroaren 16a izango da. Eskola materiala herriko lau ikastetxeetan jasoko da; eta osasun materiala, herriko farmazietan. Yaalah elkarteak kutxak utziko ditu materiala batzeko, bai ikastetxeetan, bai botiketan.
Eskatzen den eskola materialaren artean daude arkatzak, margoak, atxingiak, zorrozkiloak, erregelak, koadernoak, boligrafoak, estutxeak eta motxilak. Osasun materialari dagokionez, medikamentuak eskatzen dituzte, hau da, kadukatu gabeko analgesikoak, erre botikak, umeentzako hibuprofenoa, zauriak sendatzeko materiala, sabelerako botikak eta jarabeak, besteak beste.
Yaalah elkarteak Bir ganduz 2018 proiektua gauzatuko du abenduan Tindufeko Saharar errefuxatuen kanpamentuetan. “Aurten lehenengo elkartasun bidaia izango denez, helburu nagusia zera da: elkarteko kideok Bir Ganduz herrira joanda bertako errealitatea gertutik ezagutzea, herri horrekin hurrengo urteetako proiektuei begira harremanak sendotzea eta hemendik eramandako diru kopuruarekin herritar saharararren beharrizan oinarrizkoenak asetzen ahalegintzea“, adierazi dute elkartekoek.
Bertan egingo duten lanetatik aparte, hegazkin bidaia aprobetxatuz, materiala eramango dute, eta horregatik egin dute botikak eta eskola materiala lortzeko deialdia herritarren artean.