Arimen Gaua gure arbasoen ohitura paganoa berreskuratu nahirik, hainbat ekintza antolatu dituzte urriaren 31nTxomin Agirre ikastolako Iparra Guraso Elkarteak eta Zubi Zahar herri ikastolak, bakoitzak bere aldetik. Iparra Guraso Elkarteko kideek, esaterako, kalejira, jaialdia eta txokolate jana antolatu dituzte, Zubi Zaharrek, ostera, jaia egingo du Ibaiondon.
Halloween delako jaia mundu osoan zehar ezaguna baldin bada ere, Arimen Gaua ospatzeko ohitura ondo errotutako tradizioa izan da Euskal Herrian. Gaur egun ohitura galdu bada ere, 1950eko hamarkadara arte Euskal Herriko herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen. Garai bateko sustraietara buelta egiteko proposamena luzatu dute bi ikastolek. “Beti pentsatu izan dugu iparameriketatik datorren ohitura dela, baina gaiari buruz dokumentatzen hasi garenean, jaiaren jatorria Europa dagoela, eta berton ere ospatzen zela ohartu gara”, adierazi dute Iparra Guraso Elkartekoek.
Herritarrak mozorrotzera gonbidatu dituzte bi ikastolek. “Etorri mozorrotuta, etxeko izara, trapu zein arropa zaharrak jantzita, linterna eskuetan duzuelarik dantza, kantu zein saltoka ondo pasatzera”, gaineratu dute Iparra Guraso Elkartekoek.
Iparra Guraso Elkarteko kideak Arimen Gaua jairako deialdia egiten
Txomin Agirre ikastola aurretik irtenda mozorrotutako kalejira egingo dute, Musika Eskolako trikitilariak eta Artelango erraldoiak ere lagun izango dituzte. Kalejira zabaltzen karroza bat joango dela aurreratu dute Iparra Guraso Elkartekoek, eta bertan Arimen Gauagaz lotura duten pertsonaiak joango dira. Kalejiran Zaldupe Eskola Publikoaren jolastokira joango dira, eta tartean geldialdiren bat edo beste egingo dituzte, hainbat ezustegaz.
Kalez kale ibili ostean, eguraldi txarra iragarrita dagoenez, Itsasaurren egin beharreko ekintzak Zaldupe Eskola Publikoaren jolastokian egingo dira. Horretan musika, dantza, andrabanda, oihal ikuskizuna… egingo dituzte. “Gure herriko haur zein nagusi, guztiok, jai honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Jaia ikastolako guraso elkarteak antolatu badu ere, herri mailako beste hainbat taldek ere gonbidatu ditugu parte hartzera. Musika Eskolak, Andrabandak, Artakak, Artelanek eta Kaia 1 dantza taldeak parte hartuko dute”.
Ume eta gurasoak mozorroturik santa eskean joango dira etxerik etxe Ibaiondon
Jaialdiagaz amaitzeko, txokolate jana egingo dute Zaldupe Eskola Publikoaren jolastokian, “gure arbasoen ohiturei jarraituz”. Txokolate janean batzen den borondatezko dirua, gainera, Ekairi buruzko film laburra egiten laguntzeko izango dela aurreratu dute.
Zubi Zahar Herri Ikastolakoek bestelako proposamena dakarte Ibaiondora. Mozorrotuta, “inork ez ezagutzeko moduan” joateko deia egin dute 21:00etan KamiƱazpiko parkean jarri dute hitzordua, eta jaia ilunetan ospatzen zenez, 21:00etatik 22:00etara, kaleko argiak itzaliko dira. “Ilunetan kandela argi hutsak ikusiko dira, eta ume eta gurasoak mozorroturik santa eskean joango dira etxerik etxe”. Kaleak atontzeko, berriz, kalabazak eta arbiak behar dituztela nabarmendu dute.
EGITARAUA:
19:00. Ikuskizuna Zaldupe Eskola Publikoaren jolastokian (Iparra Guraso Elkartea).
Ondoren, txokolate jana, Zaldupe Eskola Publikoaren jolastokian(Iparra Guraso Elkartea).
21:00-22:30. Santa eskea, Ibaiondon (Zubi Zahar Herri Ikastola).
BIDEOA: Zubi Zahar Herri Ikastolaren bideoa
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.