Eneko Barberena idazle arrasatearraren nobela proiektuak irabazi du
Ondarroako Udalak eta
Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela beka saria. Antolatzaileek iragarri dutenez,
hamasei proiektu aurkeztu dituzte sariketara, eta horien artean Barberenaren proposamena aukeratu dute Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak.
Afrikaners izena du Barberenaren proiektuak, eta etorkizun hurbilean kokaturiko nobela bat da. Protagonistak bikote gazte bat dira, Aitor eta Eider. Lehena, ikastetxe publiko bateko zuzendaria Gasteizen eta bigarrena liburuzaina Arrasaten. Bost urteko haur bat dute, Manex. Haien bizitza lasai doa, itxuraz, baina tentsioa sortzen duen elementu bat ere badago: gerra. Izan ere, urte batzuk dira Europar Batasunak emigrazio ilegala kontrolatu nahian, tropak bidali zituela Ipar Afrikara; inbasio horrek gerra ekarri du, eta orain derrigorrezko errekrutatzeak daude, soldaduak bidaltzeko mugara.
Eneko Barberena. Argazkia: Ondarroako Udala
Eneko Barberenak literatur alorrean bi liburu argitaratu ditu orain arte:
Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk eta
Lurrunak ez du oraindik kristalik estali.
Saria azaroaren 1ean 19:00etan jasoko du idazle arrasatearrak Ondarroako Kofradia Zaharrean,
Literatur Amuak jardunaldien barruan.