«Helburu jakinekin, antolatzeko berezko gaitasuna dugu gazteok»
Sei urteren ostean, Gazte Eguna ospatuko da berriz Markina-Xemeinen. Egitarau oparoa prestatu du zapaturako berriro herrian indarra hartzen ari den gazte mugimenduak.Hainbat urteren ostean, Gazte Eguna berreskuratuko duzue. Horrelako egun baten falta z...
Sei urteren ostean, Gazte Eguna ospatuko da berriz Markina-Xemeinen. Egitarau oparoa prestatu du zapaturako berriro herrian indarra hartzen ari den gazte mugimenduak.
Hainbat urteren ostean, Gazte Eguna berreskuratuko duzue. Horrelako egun baten falta zegoen?Gazte Eguna prozesu luze baten emaitza da, ezbairik gabe. Gazte mugimenduan eman den ahulgune baten ondorioz urte dexente dira halakorik antolatzeko aukerarik egon ez dela. Hala ere, gazte mugimendua berriro indarra hartzen ari da, eta horren fruitua dugu zapatuko Gazte Eguna.
Zer aldarrikatzera dator?
Gaztion taupadaz, herri bizixe da aurtengo Gazte Egunaren leloa. Leloak berak esaten duen legez herri bizi bat dugu helburu nagusia. Gaur egun, gazte moduan eskaintzen zaigun ereduagaz ez gaude ados, eta alternatiba bat eraikitzea da helmuga. Bide horretan gazteon taupadari ematen zaio garrantzia, gure arteko harremanetan oinarrituz antolatu eta nahi dugunaren alde borrokatzeari.
Berritasunekin dator eguna?
Berritasun argiena Gazte Eguna antolatzeko prozesu guztia da. Azken urteetan Gazte Asanblada arduratu da egun hau antolatzeaz, inguruko batzuen laguntzagaz. Aurtengoak, ostera, prozesu oso bat darama atzetik asanbladatik kanpoko herriko gazte askok parte hartu du-eta prestaketan. Aparteko ibilbidea eduki duen gune edo espazio baten eta norbanako zein kuadrilla anitzen inplikazioa dauka egunak oinarrian. Horrez gain, ibilbide horretan hainbat lan talde egon dira, eta horrek eragindako emaitzak ere berritasun gisa har daitezke: abesti propioa, bideoklipa, urriaren 6an Akerbeltz gaztetxean egin zen ekimen jendetsua eta abar.
Egun osoko egitaraua prestatu duzue. Zer egongo da?
Goizetik hasi eta goizaldera arteko eskaintza antolatu dugu. Gehiena Plazabarripean kokatuko da, Gazte Asanbladarentzat erreferentziazko lekua izateaz gain, gazteok herria eta kaleak hartzearen ideia beharrezkoa dela ikusten dugulako. Soilik, gazteria bizia duen herria izango delako herri bizia. Horregatik, goizean jolas-poteoa egingo dugu kaleetan zehar, bazkari herrikoian elkartuko gara berriro Plazabarripean, eta bazkalostean, jolasak eta Susunkordanen kontzertua edukiko ditugu. Bazkariko txartelak Mateo eta Patxua tabernetan daude salgai. Gero, berriro ere kalera aterako gara karro-poteoagaz, eta gauagaz batera, ekitaldia egingo dugu. Horren ostean kontzertuak egongo dira Plazabarripean bertan; Legen Beltza, Mugi Pandero eta DJ Txankleta datoz. Ahalik-eta eskaintza zabalena egiten saiatuko gara, gustu eta zaletasun denak asetzeko asmoz.
Gazte mugimenduan apalaldi bat egon dela aitatu duzue. Momentu honetan zelan dago herriko gazteen mugimendu hori?
Askok nahi luketena baino gehiago, baina herri bizi batek behar lukeena baino gutxiago. Gazteria indibidualismoaren eraginpean dago, eta horrek baldintzatzen du mugimenduaren egoera. Baina horren aurrean gazteak batzen eta antolatzen diren eredu eta proiektuak badaude herrian. Horren adibide da zapatuko Gazte Eguna. Gazte Egun honek argi adierazten du helburu eta interes jakinekin, antolatzeko berezko gaitasuna dugula gazteok. Indar hori egun batera mugatu beharrean, prozesuan sortutako hartu-emanak esparru eta borroka desberdinetara hedatzea litzateke gure hurrengo erronka.
Gazte eguna ondo aprobetxatzeko gakoa zein izango da?
Gako nagusia Gazte Egunera datorren gazte bakoitzaren jarreran ikusten dugu. Norbere zona erosotik irtetera ausartu, aniztasunari beldurra galdu eta gazteok gazteontzat eraikitako bestelako jai eredu batez gozatzera gonbidatu nahi ditugu herriko gazte guztiak.