«Egunen batean irabazteko txanda iritsi behar zen, eta gaur heldu da»
Zer suposatzen du zuretzat lehen saria irabazteak?Izugarrizko poztasuna. Egia esan, ez nuen espero, sari bat lortu nuen lehen aldia hemen izan zen orain zortzi urte. Izugarria izan da Gernikan lehen saria lortzea. Sei urte eman ditut Urriko Azken Astel...
Izugarrizko poztasuna. Egia esan, ez nuen espero, sari bat lortu nuen lehen aldia hemen izan zen orain zortzi urte. Izugarria izan da Gernikan lehen saria lortzea. Sei urte eman ditut Urriko Azken Asteleheneko azokako lehiaketan parte hartzen; bigarren, hirugarren… geratzen urteak joan ahala. Parte hartu nuen lehen aldian 4. geratu nintzen, eta aitari deitu nion agertoki azpitik, negarrez. Egunen batean irabazteko txanda iritsi behar zen, eta gaur [atzo] heldu da. Hainbeste urteren ondoren garaipena lortzea izugarria izan da.
Zer da burutik pasa zaizun lehenengo gauza?
Nire aita. Berari esker nago bertan, eta bera izan da burutik pasa zaidan lehenengo gauza. Saria berari eskaini nahi diot, benetan garrantzitsua da niretzat. Oso pozik nago.
Zenbat denbora daramazu gaztak egiten? Nola hasi zinen?
Zortzi urte. Nire anaiak ardiak zituen, eta krisiarengatik sartu nintzen lan honetan, beragaz batera. Neukan lana utzi eta gaztak egin eta saltzen hasi ginen. Beti ibili gara txapelketetan, eta hainbat sari irabazi ditut: Erromara joan naiz gaztagaz, Ordiziako podiumera igo naiz, urrezko dominak eraman ditut…, baina Gernikan irabazten dudan lehen aldia izan da, eta benetan ez nuela hau lortzea espero.
Zein da gazta onaren sekretua?
Ez daukat inongo sekreturik. Amonak hil aurretik esan zidan, egiten duzuna maitasunagaz eginez gero, hori igarri egingo dela. Guk gazta asko egiten ditugu, eta horiekin sari asko irabazi ditugu. Holako sariekin, aitorpenekin, gazta onak egiten jarraitzeko indarra lortzen duzu. Gernikako azokako podiumean hiru gazte egon gara. Normalena gaztak egiten 30 urte edo gehiago daramatzenak irabaztea da, baina ikusi ahal izan denez, mundu honetara gero eta gazte gehiago sartzen ari da, gauzak ondo egiteko gogoz. Kalitate handiko gaztak sortzen dituzte, eta ni horrek benetan bete egiten nau.