Peru Abarkak indar handiko album berria jarri du irakurleen eskuetan
Tapa gogorreko album ederra jarri du irakurleen eskura XII. Peru Abarka Album Lehiaketak. Bariku iluntzean aurkeztu zuten lan berria Markina-Xemeingo udaletxean. Indar handiko lan bi bateratzen ditu Ezpainetakoa-k: Ane Labaka Maiozen narrazioa eta Male...
Nabari zitzaien konplizitateaz baliatuta, elkarri galderak eginez azaldu zuten idazleak eta ilustratzaileak euren lanaren sormen prozesua. Testuak errealitatetik badaukala zati handi bat aitortu zuen Labakak. «Nire bizitzakoak izan zitezkeen pasarte batzuk hartu eta ahalegin bat egin dut pixka bat literario bihurtu eta edertzeko edo interesgarri bihurtzeko. Baina esango nuke badagoela, bai eta ere, jolas bat fikzioaren eta errealitatearen artean».
Testua irakurri zuenean «jeniala» iruditu zitzaiola adierazi du Amanabarrek, baina, aldi berean, irudikatzeko nahikoa zaila. Indarra galduarazteko beldurrez, ezer ez irudikatzea erabaki zuen, eta testuagaz beragaz jolastea tipografiekin jolastuz. Ez du testua literalki ilustratu nahi izan, «erredundantzia batean ez sartzeko eta testuak zein irudiak indarrik ez galtzeko».
Emaitzagaz pozik
Emaitzagaz «emozioz bete», «liluratuta» eta «txundituta» gelditu zirela azpimarratu zuten lehiaketa sustatu dutenek. Iratxe Lasa zinegotziak, Mari Eli Ituarte lehiaketaren koordinatzaile eta epaimahaikideak eta Iñaki Aldekoa Ereineko ordezkariak bat egin zuten Ezpainetakoa-ren kalitate handia eta idazle eta ilustratzailearen lana goraipatzerako orduan, eta Peru Abarka bezalako proiektuen garrantzia aditzera eman zuten.