Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru diputatuak aurreko barikuan [urriak 26] Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu zuenearen arabera, Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepidearen hobekuntza lanak
urtea amaitu baino lehen hasteko asmoa dute. “
Asko jota, lanak urtarrila hasieran hasiko dira. Hori da aurreikusita dugun egutegia”.
Bide Azpiegituretako Batzordea amaitu ondoren, bestalde, Ondarbeltz eta Turruntegi arteko errepidea hobetzeko eta oinezkoen pasabidea egiteko proiektuaren lehiaketara aurkeztu direnen eskaintzak aztertu zituzten. Eta horien artean Marizcurrena, Zubieder eta Urbycolan enpresek osatutako UTEak egindako proposamena aukeratu dute. Lanek, aldaketarik ezean,
hamalau hilabete eta erdiko exekuzio epea dute, eta 12.377.092,64 euroko aurrekontua eduki zuten lehiaketara atera zirenean.
Mutriku eta Deba arteko errpidea
Oiarbidek adierazi duenez, lanek irauten duten bitartean
tarteka bideratuko da zirkulazioa. Baina
bost hilabeteko tartean guztiz itxita egongo da errepidea, eta erabiltzaileek Galbaixoko bide alternatiboa erabili beharko dute. Bide beretik, Larangako auzotarrak zer egoeratan geratzen diren azaldu behar izan zuen; izan ere, auzorako
sarrera naturala itxita edukiko dute bost bat hilabetez.
Oiarbidek azpimarratu duenez, proiektua egiterako orduan ahal denik eta eragin gutxien sortzen ahalegindu dira
Diputatuak esan zuen aldundiak lanak egingo dituzten enpresekin berba egingo duela obra garaian, eta posible izango balitz, hobekuntza gehiago egin ahal izango direla aipatu zuen. “Ezingo duguna da jendeari pasatzen utzi. Mutrikuarrak ezin badira pasatu, negozioren bat dutenak ere ez.
Segurtasuna denontzako bermatu behar dugu”.
Gogorarazi zuenez, zirkulaziora zabalik dagoen errepide bat konpondu behar denean eragina izaten du. “Ez da errepide berri bat egitea bezala. Saiatu gara proiektua egiterakoan ahal den neurrian eragina txikitzen, eta sortzen den kalte horri ere irtenbide bat eman behar zaio”.
Mutrikuk aspaldidanik egindako eskariari erantzunez konponduko dute errepidea. “Mutrikuko Udalak agintaldi honen hasieratik eskatu digu arazo honi irtenbide bat emateko. Badakigu hor proiektu asko egon direla, baina uste dugu azkenean egingarria den proiektu bat jarri genuela mahai gainean,
gehiengoaren oniritziarekin, eta udalarekin ere landuta”.
GI-638 batzordearen eskariz EH Bilduk aurkeztutako mozioa atzera bota du alkatearen kalitatezko botuak
Bestalde, kaltetuekin
ez dutela akordio ekonomikorik lortu argitu zuen. “Interes orokorreko obra bat planteatzen denean akordio ekonomikorik ezin da hartu,
bestelakoan prebarikazioa izango litzateke. Hori bai, bestelako akordio batzutara ailegatu gaitezke ahalik eta kalte gutxien sortzeko. Mota horietako gauzak kontuan hartu eta planteatu ditugu”.
GI-638 batzordearen eskaera. Bestalde, aurreko eguenean [urriak 25] Mutrikuko Udalbatzaren ohiko osoko bilkuran GI-638 batzordearen eskariz EH Bilduk aurkeztutako
mozioa ez zen onartu. Alkatearen kalitatezko botoak atzera bota zuen mozioa, hain zuzen. Mozioan, besteak beste, errepidea udan ez ixteko eskaria egin zuten, Larangako auzotarrei eta herritarrei “arazo ugari, kalte, arrisku eta galera handiak sorraraziko diolako”.
Mozioak EH Bilduko sei zinegotzien baiezkoa, EAJko sei zinegotzien ezezkoa eta I+B herri plataformaren abstentzioa jaso zuen. Bozketa bi aldiz egin ondoren, eta berdinketa egon ostean, alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen mozioaren nondik norakoa.
Batzordeko kideek, gainera, herrian zehar euren kexak jasotzen dituzten bost
pankartak desagertu egin direla salatu dute.
HONEKIN LOTUTA: Mutrikuko Ipitxarri bihurguneko errepide zati bat itxi dute, egoera txarragatik