Ondarroako Udal Gizarte Ongizate Batzordeak bultzatuta, Danon Ondarru! sentsibilizazio kanpaina berezia egingo dute azaroaren 5etik 16ra. Kanpainagaz, hain zuzen, batzordea osatzen duten taldeek egiten duten
lana ezagutzera emango dute. Hamabostaldian taldeek lantzen duten esparruagaz zerikusia duten bost hitzaldi egingo dira, eta horiekin batera beste hainbat ekintza ere egingo dituzte. “Herritarrak ekintzetan parte hartzera gonbidatzen eta animatzen ditugu. Edozeinentzat oso interesgarria izan daitela iruditzen zaigu”.
Jardunaldietan Antiguako Ama jubilatuen elkarteak,
Gorabidek,
Alzheimer Ondarru,
Gurutze Gorriak, Ondarroako Eguneko Zentroak,
Minbiziaren aurkako taldeak,
Arnasak, Ondarroako osasun etxeak eta
Lea Artibai Amankomunazgoak parte hartuko dute.
Ondarroako sentsibilizazio kanpaina. Argazkia: Ondarroako Udala
Kanpainari dagokionez, lehen ekintza astelehenean [azaroak 5] egingo dute. Antiguako Ama jubilatuen elkarteak
1933an jaiotako bazkideak omenduko ditu. Guztira, hamasei bazkidek jasoko dute oroigarria; bederatzi gizonezkok eta zazpi emakumek. “Antiguako Amak ez die inoiz omenaldirik egin bazkideei, eta astelehenekoa lehenengoa izango da”, azaldu du Rakel Elu Gizarte Ongizate Batzordeko kideak.
Beste egunetan, bestalde, talde bakoitzak bere gaia azaleratzeko aukera izango du hitzaldi, mahai inguru edota ekintzen bidez. Gorabideren eskutik, besteak beste, Boccia jolasa probatzeko aukera izango dute DBH3ko ikasleek eta Espainiak Oscar sarietara hautagai modura aukeratu duten
Campeones filma ere proiektatuko dute.
Azaroaren 11n, bestalde, kanpainako
egunik-eta bereziena izango dela nabarmendu dute. Gurutze Gorriak ate irekien jardunaldia egingo du eta batzordea osatzen duten taldeek batera irtengo dute kalera. Taldeek, besteak beste, euren informazio txostenak azaldu eta helaraziko dizkiete herritarrei. “Batzordea osatzen dugun taldeok batera kalera irtetzea oso positiboa dela iruditzen zaigu. Herritarrek batzordean eta talde bakoitzean zelan lan egiten dugun ezagutzeko aukera ere izango dute. Herrian ongizateko talde asko gabiltza beharrean, eta herriko ehunka pertsona daude talde horietan ordezkatuta era batera edo bestera. Talde horiek egiten duten lanari esker arazoren bat duen edozein familiak babesa topa dezake. Euren esperientziak beste batzuk laguntzen ditu, eta horrek indar handia ematen du. Eta horregatik lan aipagarri horiek aldiro-aldiro jendartean ezagutzera ematea merezi duela uste dugu”.
EGITARAUA:
- Azaroak 5, astelehena
- Arratsaldean, Antiguako Ama jubilatuen elkarteak omenaldia egingo die 85 urteko bazkideei.
- Azaroak 6,martitzena
- 11:00. Gorabide taldearen eskutik, Boccia Jolasa DBH3ko ikasleekin, kiroldegian.
- Azaroak 7, eguaztena
- 18:3o. Adembi taldearen eskutik, Esklerosi anizkoitzaren 1.000 aurpegi hitzaldia. Hizlariak: Ainara Antxia eta Karmele Zubizarreta.
- Azaroak 8, eguena
- 18:30. Alzheimer Ondarru taldearen eskutik, Alzheimerra eta gizartea hitzaldia. Hizlaria: Koldo Aulestia.
- Azaroak 9, barikua
- 18:00. Gorabide taldearen eskutik, Campeones filmaren proiekzioa Kofradia Zaharrean.
- Azaroak 11, domeka
- 12:00-14:00
- Alamedan, Ongizarteko talde guztien aurkezpena.
- Itsasaurren, Gurutze Gorriaren ateak zabalik jardunaldia.
- Azaroak 12, astelehena
- 18:30. Eguneko Zentroaren eskutik, Metabolismo basalaren datuak hartzeko kioskoaren aurkezpena, Maskulo Etxean.
- Azaroak 13, martitzena
- 19:30. Minbiziaren aurkako taldearen eskutik, Minbiziaren prebentzioa: ohitura osasuntsuak hitzaldia Kofradia Zaharrean. Hizlaria: Belen Lugaresti.
- Azaroak 14, eguaztena
- 18:30. Arnasa taldearen eskutik, Nire FK zaintzen nire bizitza zaintzeko hitzaldia, Kofradia Zaharrean. Hizlaria: Jesus UreƱa .
- Azaroak 15, eguena
- 18:30. Osasun Etxearen eskutik, Pazientearen segurtasuna. Osasunarekiko erantzukizuna hitzaldia, Kofradia Zaharrean. Hizlaria: Eladino Gonzalez.
- Azaroak 16, barikua
- 18:00. Lea Artibai Amankomunazgoaren eskutik, Adikzioak: egungo egoera eta baliabideak mahai ingurua, Kofradia Zaharrean. Partaideak: Inma Cuena (Etorkizuna elkargoa) eta Rafael Cortes (Gizakia elkargoa).