Aratz Mugertza datorren denboraldian aizkorako lehen mailan jokatzeko atarian geratu da, domekan [azaroak 4] Iurretako Olaburu pilotalekuan jokatu zen Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finalean
hirugarren sailkatu ondoren.
Finalari dagokionez, urriaren 7an Durangoko kanporaketan lehen sei postuak lortu zituzten sei aizkolariak aritu ziren nor baino nor azkarrago, eta azkenean,
Jesus Mari Mugikak lortu zuen txapela. Luis Txapartegik, berriz, bigarren amaitu zituen lanak. Hurrengo denboraldian lehen mailan aritzeko txartela lortu zuten biek.
Aratz Mugertza aizkoran. Argazkia: Ibon Errazu Uria
Aizkolari bakoitzak sei pago enbor moztu behar izan zituen domekako finalean; bina kanaerdiko, bina 60 ontzako eta bina oinbiko. Norgehiagokari dagokionez, Jesus Maria Mugika hasieratik aurrean jarri, eta abantaila horri eutsi zion azkenera arte. Bigarren eta hirugarren postuak, berriz,
oso lehiatuak izan ziren. Aratz Mugertzak lehen hiru enborrak Luis Txapartegik baino azkarrago moztu zituen, baina bigarren oinbikoa moztu eta gero, Txapartegik aurrea hartu, eta enborrez enbor mutrikuarrarekiko zuen abantaila gehitzea lortu zuen.
Mugertza III.ak aitortu duenez, azken enborrarekin “zorte txarra” izan zuen, eta hortxe galdu zuen lehen mailara igotzeko aukera. “
Adartxo bat tokatu zitzaidan, eta hantxe nahikoa atzeratu nintzen”. Izan ere, azken kanaerdikoa moztu aurretik mutrikuarrak eta Txapartegik 15 segundoko aldea besterik ez zuten, eta proba amaitu orduko beste 36 segundoko abantaila lortu zuen Txapartegik.
Bost final jokatu ostean lehen finalerako txartela ez lortzea “pena” ere izan dela nabarmendu du. “Ez dut uste aurreko finaletan hainbesteko emaitza onik lortu dudanik. Anaia biok maila berean aritzea polita izango litzateke, baina maila horretan ez dakit zenbat iraungo nukeen”. Egindako lanagatik, bestelakoan, gustura geratu da Olazko aizkolaria. “Hori bai, mozketan egurra amaitzeko orduan ez nuen asmatu, asko kostatu zitzaidan, eta justu xamar ibili nintzen”.
2. mailako sei finalistak. Argazkia: Ibon Errazu Uria
Enbor guztiak moztu ondoren, honakoa izan zen sailkapena:
- Jesus Mari Mugika. 20 minutu eta 43 segundo
- Luis Txapartegi. 21 minutu eta 37 segundo.
- Aratz Mugertza. 22 minutu eta 28 segundo.
- Joxean Etxeberria. 22 minutu eta 30 segundo.
- Juan Jose Lopez Azpilikueta. 22 minutu eta 46 segundo.
- Arkaitz Jauregi. 23 minutu eta 36 segundo.