Literaturaren inoizko arrantzualdirik onena
Aurtengo Literatur Amuak jaialdia jendetsuena izan dela nabarmendu du Ondarroako Udalak. Balorazio positiboa egin dute; izan ere, ekintza guztietan 50 lagunetik gora batu dira. Jarraipena edukiko du jaialdiak.Domekan amaitu zen Ondarroako VII. Literatu...
Aurtengo Literatur Amuak jaialdia jendetsuena izan dela nabarmendu du Ondarroako Udalak. Balorazio positiboa egin dute; izan ere, ekintza guztietan 50 lagunetik gora batu dira. Jarraipena edukiko du jaialdiak.
Domekan amaitu zen Ondarroako VII. Literatur Amuak jaialdia, eta Ondarroako udal iturriek nabarmendu dutenez, antolatu diren ekintza guztiak kontuan hartuta, aurtengoa jaialdirik jendetsuena izan da.«Orain arte ez dugu horrelako erantzunik ikusi. Ekintza guztietan egon da 50 lagunetik gora. Jaialdiak nahiz eta ikusle mota bat erakarri, ikusle horiek oso fidelak direla ikusi dugu. Jaialdiak egonkortasun bat adierazi duela iruditzen zaigu», azaldu du Leire Beitia euskara zinegotziak.
Balorazio positiboa egin dute, eta aurrera begira bide beretik jarraitzeko asmoa agertu du udalak. «Amua bota diogu literaturari, eta hori jaso nahi duenak urte guztia dauka horretarako. Datorren urtean elkar ikustea espero dugu».
Antolatu dituzten ekintzei dagokienez, Lur antzezlana eta Mikel Urdangarinen kantaldia izan dira jendetsuenak. Askotariko ekintzak egin dira azken egunotan, gainera. Zapatuan, esate baterako, umeentzako propio egindako proposamenaz gozatzeko aukera eduki zuten herriko gazteenek. Dejabu Panpin Laborategiak eta Artedramak Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuan oinarritutako ipuin kontaketa dramatizatua eskaini zuten. Antzeztutako mikroipuin, abesti edota txisteez lagunduta, literatura haurrengana hurreratu zuten Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreek.
Azken lan sarituak
Eguenean, besteak beste, Augustin Zubikarai nobela bekaren azken lan sarituak hobeto ezagutzeko aukera eduki zuten Kofradia Zaharrera gerturatutakoek.
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak 2016. nobela beka saria eskuratu zuen Katixa Agirre elkarrizketatu zuen. Idazle gasteiztarrak Amek ez dute lanari buruz berba egin zuen jendaurrean. Xabier Mendigurenek Eneko Barberena aurtengo sariduna ere elkarrizketatu zuen. Afrikaners proiektuari buruz luze hitz egiteko aukera izan zuen arrasatearrak.
Joxemari Urteagak, bestalde, Xabier Etxeberria 2017 nobela beka irabazlea elkarrizketatu zuen. Berriro itzuliko banintz nobela beltzari buruzko nondik norakoak eman zituzten.
Ekitaldi berean, VII. Nanoipuin lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Ondarroan bizi den Josu Garate Suinagak irabazi du aurten lehiaketa. Bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren, Igor Mercado Azkuenaga leioatarrak eta Lore Txakartegi Alvarezek eskuratu dituzte.