Metabolismo basalaren datuak hartzeko Osasun Kioskoa aurkeztu dute Maskulo Etxean dagoen Eguneko Zentroan. Programa
IMQ Igurcok jarri du abian, eta Ondarroa programa ezarri duten
Bizkaiko lehenengo udalerria da. “Hipertentsio arteriala edo bihotzeko gutxiegitasuna izateko arriskua gutxitzeko asmoagaz, Bizkaian aitzindaria den programa bat abiarazi du Ondarroan IMQ Igurcok,
Ondarroako Udalaren eta
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz”.
Maskulo Etxeko bi profesionalen laguntzagaz, tentsioa, taupadak, oxigeno asetzea eta pisua
doan neurtzeko aukera izango dute herritarrek, “baita bizi ohiturei buruzko osasun galdetegi bat erantzuteko ere”. Jasotzen diren datu guztiak programak aztertu eta mediku batek ikuskatuko ditu, eta, bide batez, bihotzeko arrisku mailaz ohartaraziko du erabiltzailea; “hala balegokio, osasun zerbitzura joan dadin”. Aldi berean, medikuak emaitzak baloratu eta txosten bat egingo du, dagokion osasun gomendioarekin batera.
Herritarrak eta erakundeetako arduradunak, Osasun Kioskoa makinaren alboan
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak azpimarratu duenez, Ondarroan
zahartze aktiboaren alde ari dira lanean, 60 urtetik gorako herritarrek kirola eta jarduera sozial eta kulturaletan jarrera aktiboa izan dezaten. “Norberaren zaintzan urratsak emateko inflexio puntua izan da eguneko zentroa. Makina hauei esker datuak erraztasunez lortzearekin batera, autonomia eta lasaitasuna ekarriko die herritarrei”.
Zerbitzua erabili nahi duten herritarrek aurretiaz eskatu beharko dute txanda
Rakel Elu Bengoetxea Ondarroako Udal Ongizarte Batzordeko arduradunaren eta Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariaren arabera, berriz,
eskualdeko herri guztietan sustatu beharko lirateke mota horretako ekimenak.
Iñaki Artaza mediku geriatra eta IMQ Igurco-ko Asistentzia zuzendariaren iritziz, Osasun Kioskoak
programa pertsonalizatua eskaintzen du. “Ondarrutarrentzat irisgarria da, herriaren erdi-erdian baitago eguneko zentroa. Aldi berean eskuragarria da zerbitzua astelehenetik barikura 10:00etatik 17:00etara eskura dutelako”. Zerbitzua erabili nahi dutenek nahitaez aurretiaz eskatu beharko dute txanda 94-603 60 63 telefono zenbakira deituta.
Artazak, gainera, hipertentsioa eta bihotzeko gutxiegitasuna saihesteko duen garrantzia azpimarratu du, batez ere, adinekoen artean, baina ez horiengan bakarrik. “Euskadin hipertentsio arterialaren prebalentzia %21 (45-64 urte bitartekoak) eta %51 (65 urtetik gorakoak) artean dabil. Hipertentsio arteriala gaixotasun kardiobaskularren barruan dago, eta Euskadin heriotzen %26,92aren zergatia dira”.
Herritar bat programa erabiltzen, Maskulo Etxeko laguntzaile bategaz
Artaza medikuak ohartarazi duenez, hipertentsio arteriala duten hirutatik bati ez zaio gaixotasuna diagnostikatu, “hipertentsioak, lehen faseetan, ez duelako sintomarik”. Eta hipertentsioa duten hirutik batek, aldiz, ez du ondo betetzen tratamendua edo ez du kontrol egokirik. “Hori guztiagatik, Osasun Kioskoa abiarazi izanak ondarrutarren osasunean
ondorio positiboa izan dezakeela deritzogu”.
Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendariak, azkenik, gaixotasun kroniko bat dutenentzat oso garrantzitsua da osasunaren ahalduntzea, menpekotasuna saihestea eta neurketak egitea. “Modu horretan ez dituzte ondorioak jasango eta gaixotasuna kontrolatuko dute”