Ondarroako Udalak bi egunez Kamiñaldera joateko bidea zabalduko du
Udal iturriek jakitera eman duenez, elixopetik edo Kaleanditik sartzen ez diren edo pasatzeko arazoak dituzten ibilgailuek Kamiñaldeko mendi magalean egiten ari diren lan eremutik igarotzeko baimena edukiko dute. Udalak plan bat eratu du segurtasun koordinatzaileekin batera, eta aurreikuspenen arabera, honako bi egun eta orduetan igaro ahal izango dute bakarrik ibilgailuek: azaroaren 25ean, 10:00etatik 12:00etara eta abenduaren 27an, 09:00etatik 14:00etara.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azaldu duenez, auzotarren urgentziazko eskaerak kontuan hartuta hartu dute erabakia. “Auzotarrei bidea zabalduko genuela azaldu genien aurreko batzarrean, baina mendi magaleko lanak egiten ari diren tokian garabi handi bat dago, eta bidea ireki eta herritarren segurtasuna bermatu nahi baldin bada, mugitu egin beharko da garabia. Hori bai, garabia ezin dute astero-astero mugitu; horrek kostu ekonomiko handia dakarrelako”.
Bi egun horietan Kamiñaldera igaro nahi dutenek norbere beharrizanak zeintzuk diren jasotzen duen idatzi bat aurkeztu beharko dute udal erregistro orokorrean. Idatziak aurkezteko epea zabalik dago, eta eskatzaileek nahitaez arrazoitu egin beharko dute bidea zergatik erabili nahi duten. Azkenik, udalaren baimena jaso beharko dute eskatzaileek.
Eskari guztiak batu ostean, udaltzaingoarekin koordinatuta, bi egun horietan pasabidea emango zaie eskaera onartutakoei; “beti ere, udal arkitektuen onespenagaz”.