Jose Angel Lizardi alkatearen eta, oro har, udalbatza osoaren aurkako salaketa eta irain larriak jasotzen dituzten idatzi anonimo bi zabaldu dituzte, eta jokaera horren aurrean, EAJ, EH Bildu eta Berdeak+Independenteek
gaitzespenik irmoena agertu nahi izan dute, “egile/egileek erakusten duen/duten jarrera koldar eta ez demokratikoagatik”.
Salaketen aurrean zera adierazi du udalbatzak: “Argi dugu herritarrek iritzia, kritikoa ere bai, agertzeko eta, nola ez, udalari egin diezaioketen eskariei buruz erantzuna jasotzeko eskubidea ere badutela”. Idatzi horiek egin dituenak, baina, “azpikeriaz” zalantzak eta susmoak “era maltzurrean” udalkideen aurka zabaldu nahi dituela salatu dute, haien zuzentasuna zalantzan jartzeko. “Beraz, azpimarratu nahi dugu isilpean adierazten diren guztiak
gezur eta faltsukeria hutsak direla. Ildo beretik, esan behar da
Mutrikuko Udalak beti bezala interes orokorrari lehentasuna ematen jarraituko duela, interes pribatuen gainetik”.
Eta hain zuzen ere, idatzien atzean “hirigintzako interes pribatu bat defendatzen” dagoen norbait dagoela uste dute udalbatza osatzen dutenek. Udalak, beti bezala, interes orokorraren aldeko jarrera garbia duela berretsi, eta, kontran, idatzi egileak udal kide diren edota izan direnen izen ona eta zuzentasuna zalantzan jarri nahi izan dituela salatu dute, horrekin batera udalari ere ustelkeria egotziz.
Udaleko ateak edonorentzat beti zabalik daudela gogoratu du Mutrikuko Udalbatzak, egingarriak izan daitezkeen eta herritar guztientzat onura ekar litzaketen ekarpenak jaso eta eztabaidatzeko, beti ere “bide demokratikotik zuzendua bada”.
Idatzien atzean “hirigintzako interes pribatu bat defendatzen” dagoen norbait dagoela uste dute udalbatza osatzen dutenek.
Azkenik, argitu nahi izan dute idatzi anonimo gehiago egonez gero, ez direla joko maltzur eta koldar horretan partaide izango. “Orain arte bezala kanpoko eraginik gabe eta emandako hitzari eutsiz, udalbatza osatzen dugun guztiok Mutriku hobe baten aldeko eginkizuna zintzotasunez betetzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu”.
Kontsorzioren idatzia. Bestalde, Gipuzkoako Urak Mutrikun daraman araztegiaren aurkako salaketa larri anonimoei erantzun nahi izan die
Gipuzkoako Ur Kontsorzioak. Idatzi baten bidez, lau puntu argitu nahi izan ditu: lehenengo eta bat, matxura edo arrazoi bereziren bat gerta ezean,
araztegia ez dela sekula ixten azaldu du; bigarrenik, azaldu du ur fekalak osotasunean jasotzen direla eta horiek garbitu ondoren isurtzen direla beti. Bestetik, herriko araztegiak dituen ezaugarriak kontuan izanik, euri asko egiten duen zenbait egunetan araztegiak duen gaitasun hidraulikoa gaindituz gero, ur soberakin horiek (euri ura gehienbat) itsasora bideratzen direla jakinarazi du Kontsorzioak. Eta azkenik, argitu du araztegiari
zaintza zorrotza egiten diotela une oro, eta prozesuaren amaierako urak itsasora isurtzerakoan araudiak ezarrita dituen ur kalitate mailari dagokion zaintza egiten diotela.
“Edozein herritarrek ikus dezake
Uraren Euskal Agentziaren web orrialdean araztegian ez dela inongo isurketarik gertatu, kontrakoa baizik. Baimendutako isurketa parametroen oso azpitik dago”.