XIX. mendean, Ondarroako
kaleargiak olioz hornitzen ziren.
1893an jarri zen argi elektrikoa Ondarroan, eta herria hazi ahala, asko handitu dira argiteriaren premiak. Azken urteotako jauziaren adibide, honako datua. Orain dela 30 urte 100 argi puntu inguru zeuden; eta gaur egun, 1.400 argi puntu daude.
XIX. mendean, goizaldeko ordu txikietan,
kriseiluen argiak laguntzen zien arrantzaleei txaluparako bidean. Santa Klara kofradiak premia ikusi, eta Zubi Zahar inguruko moiletan burdinezko bost zutoin jarri zituen, kriseilu eta guzti. 1862 urte ingurua zen. Kofradiak 408 erreal eta 26 marabedi gastatu zituen kriseiluentzat olioa erosten. Eta 403 erreal ordaindu zizkien Iñasio Matias eta Iñasio Bengoetxea señeruei kriseiluak pizteagatik, arrantzara irten ala ez erabakitzen zuten beraiei.
Moilan ipinitako
kriseiluak ez ziren gau guztietan pizten. Esate baterako, 1866tik 1867ra bitartean, señeruek 82 gauetan baino ez zuten piztu kriseiluok. Herriko beste kaleetan, baziren olioz pizten ziren beste hainbat kaleargi ere. Udalak jarritako gizonek pizten zituzten, gauero, eta udala arduratzen zen mantenuaz ere.
Ondarroa, gauez
1893an jarri zen argi elektrikoa Ondarroan. XX. mende hasieran
kable elektrikoek marasma-etxeen itxura hartzen zuten. Itxura itsusia ematen zieten kaleei, eta
arriskutsuak ere baziren, haizeak edo beste zerbaitek eraginda kableek elkar jotzen zutenean txinpartak ateratzen zituzten eta. Beranduago, Udalak hamar kale argi edo farola ipini zituen, eta elektrizitate hariak lurpean jarri. Elektrizitatearen hornikuntzaz arduratzen zen enpresak Plazakolako lur jauzian ekoizten zuen argindarra, eta ur presa txikia izanda, sarritan arazoak sortzen ziren zerbitzuan. Gau askotan, kale argiak itzaltzen ziren. Horrelakoetan, ondarrutarrak, kexu.
Gerraren ostean, behar besteko argindarraren faltan, argia kentzen zuten
36ko gerraren osetan, argindarrik eza izaten zen. Ez zegoen beharbeste, eta egunez argia kentzen zuten. Kalean argia falta zen garaiotan,
kandela argitan eta gari lastoekin egindako sortek egiten zuten argitasunean joaten ziren elizara ondarrutarrak. Eta baserrietatik domekan mezatara joaten zirenak ere egoerara moldatu beharrean egoten ziren. 06:00etan jaiki eta 07:00etarako meza entzutera joateko, oraindik ere ilun egonda, koadrilan jaisten ziren herrira, gariaren lastoari su emanda. Inausitako adarrekin lotzen zuten, estu-estu, azkar erre ez zedin, bide luzea egin behar zuten eta.
Argiteriaren bilakaera. XX . mendeak aurrera egin ahala, Ondarroako argiteriak jauzi handia eman zuen, zer esanik ez azken urteetan. Jose Luis Urrosolo Ondarroako Udaleko elektrizitate arduraduna izan da horren lekuko. «Ni udalean lanean hasi nintzenean, orain 30 urte, 100 argi puntu baino askoz gehiago ez zeuden. Gaur egun, ostera, 1.400 argi puntu daude», adierazi du.
Gaur egun, ledak ipintzea da joera, guztietatik iraunkorrenak
Antzina merkurio lurrunezkoak ziren argiak, baina oso kutsakorrak ziren, eta ez zuten denboran asko irauten.
Halgenoak jarri ziren gero, iraunkorragoak; eta
gaur egun, ledak ipintzea da joera, guztietatik iraunkorrenak.
Ondarroako hainbat bazter beste sistema bategaz argitzen dira, sodio lurrunagaz. Errepide bazterrean eta Astilleruko pasealekuan ikusten diren argiak dira, kolore beroagokoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurapekoak. Izan ere, eremu batzuk aldundiaren konpetentzia dira; beste batzuk udalarenak eta beste batzuk Portu Departamentuarenak, nahiz eta udala mantenuaz arduratu.
Argiteriaren aurrekontua. Bateko eta besteko, premiak gehitu diren heinean gehitu da Ondarroako Udalak argiteriarentzat gordetzen duen aurrekontua ere. Zerikusirik ez lehengo Ondarroak eta gaur egungoak behar duten argiteria azpiegiturak. Eta hartu, gastua aurrezteko neurri batzuk hartu izan diren arren, datuak hor daude. Ondarroako Udalak, aurten, esate baterako,
217.279,29 euro gastatuko ditu argiterian. Beste alde batetik, Ondarroako Udalak, lau urtetik behin, Eusko Jaurlaritzaren ikuskaritza pasatu behar izaten du, eta horri esker jasotzen dituen diru laguntzak argiterian hobekuntzak egiteko erabiltzen ditu, besteak beste, segurtasunari lotutakoak.
Kandela edo bonbila etxeko argi bakar ziren garaia. Etxeetan ere argi handirik ez zen egoten aspaldiko denboretan. Jendez pilatzen ziren etxe txikietan, bonbila bakarra egoten zen etxe guztirako. Horren aurretik, argindar faltan, afalostean, kriseilu edo kandela argitan, mahai bueltan batzen ziren etxeko guztiak, eta antzinako kontuak entzunaz igarotzen zituzten udazkeneko eta neguko ordu ilunak.
Ondarroako Kalekutzeko eskailerak, farolaren argitan