Elantxobeko nesken taldean aritzeko deialdia egin dute
Hirugarren denboraldia hasi dute dagoeneko Elantxobe Arraun Taldeko neskek, eta taldea osatzeko arraunlari falta ikusita, eurekin entrenatzera animatu dituzte eskualdeko emakumeak.Urrian hasi ziren entrenatzen, eta gaur gaurkoz, hiru arraunlari eta pat...
Urrian hasi ziren entrenatzen, eta gaur gaurkoz, hiru arraunlari eta patroia daude. Aurrekoetan moduan, denboraldi honetan ere, Elantxobegaz batel eta trainerilla ligekin hasiko dira lehian, eta ondoren, traineruetan aritzeko asmoa daukate.
Hain zuzen, aurreko denboraldian Lea-Artibai taldean egon ziren euretako hiru, eta oraingo honetarako aukera aztertzen ari dira. Agian, Deustuko taldeagaz bat egingo dutela adierazi dute. Baina oraindik erabakia hartu barik daukate.
«Gutxienez beste kide bat behar dugu batelean aritzeko taldea osatzeko», zehaztu dute. Eurekin harremanetan jartzeko telefono zenbaki hau eman dute: 667 29 77 49.
Azaldu dutenez, denboraldi honetan, maila desberdinetan, jende berria hasi da Elantxoben entrenatzen, eta tartean, 14-16 urte bitarteko hiru neska daude. Baina horiek ezin dira seniorren nesken taldeagaz lehiatu. «17 urtetik gorako neskak animatu gura ditugu, batik bat kirolariak direnak edo izandakoak, eta arraunean esperientzia badute, askoz hobeto».
Astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan 18:00ak aldera hasten dira lanean, eta domeka goizetan ere elkartzen dira entrenatzeko. Eguraldia lagun badute, Gernikako errekan aritzen dira, eta bestela, Elantxobeko gimnasioan egoten dira.
Arraunak «harrapatuta» dauzkala diote taldeko arraunlariek: «Gogorra da, baina oso polita ,aldi berean».
Trainerurako talde desberdinak batu behar izaten direla azaldu dute: «Ikusten dugu ez dagoela behar beste emakume. Elantxobe moduan ezin dugu trainerurik atera, gutxi garelako, baina taldeak ere gure bila etortzen dira, ez daukatelako jende nahikorik».
Beste talderen bategaz aritzea ere esperientzia «oso polita» dela azpimarratu dute.