Asier Juaristi mutrikuarrak moilan ateratako argazkia izango da 2019ko Mutrikuko egutegiaren azala. Hala erabaki du Mutrikuko I. Argazki lehiaketako lanen erakusketa ikustera joan diren eta bozka eman duten 130
herritarren gehiengoak.
Era berean, hilabete bakoitza irudikatuko duten argazkiak ere ezagutara eman zituzten aurreko astean Zabiel kultur etxeko erakusketa gelan egindako ekitaldian.
Gai nagusia Mutriku izanda, IƱigo Andonegi eta Inhar Mutiozabal argazkilariek osatatutako epaimahaiak hilabete bakoitzera hobekien egokitu diren argazkiak aukeratu dituzte, betiere, sormena, konposizioa eta teknika kontuan izan dute. Oro har, maila oneko lanak aurkeztu dituztela nabarmendu dute.
Lehiaketako parte hartzaileetako batzuk egutegia ikusten
Aritz Larrea Arrizabalagaren argazkiak urtarrila, otsaila eta iraila izango dira; martxoa, apirila eta ekaina, berriz, Joseba Antxustegi Maneiroren argazkiek apainduko dituzte; maiatzerako Nekane Talledo Goenagaren argazkia aukeratu dute eta Benjamin Perez Bacelarrena uztailerako; abuztua, urria eta abendua Leire Eizagirre Andonegiren argazkiek alaituko dituzte, eta, azkenik, Leire Juaristi Iparragirreren argazkia aukeratu dute azarorako.
Sariak, ofizialki, abenduaren 28an egingo den
Kultur Galan banatuko dituzte. Argazki bakoitzak 80 euroko saria jasoko du, eta herritarren saridunak, beriz, 80 euroko bonoa jasoko du Bertan elkarteko dendetan erabiltzeko.
Lehiaketan parte hartu duten gainontzeko argazkiekin
egutegiaren azken orria osatuko dutela aurreratu du Elena Cebrian Mutrikuko kultur zinegotziak. Udalaren asmoa egutegia Gabonak baino arinago argitaratzea da, eta turismo bulegoan egongo da salgai euro baten truke.
Azalaren egilea eta lehiaketako parte hartzaileetariko bi, udal ordezkariekin eta epaimahaikide batekin, azala izango den lanaren aurrean
Udal ordezkariak pozik agertu dira lehenengo argazki lehiaketak izan duen parte hartze eta erantzunarekin. Emaitza ikusita, datorren urtean ere
errepikatzeko asmoa agertu dute
Argazki lehiaketan bederatzi herritarrek parte hartu dute, eta
denetara 26 izan dira lehiaketan parte hartu duten argazkiak. Lan guztiak ikusgai daude Zabiel kultur etxeko erakusketa aretoan, azaroaren 24ra arte.