Bilaketak ez du etenik
Domeka goizaldean desagertu zen Arrasateko arrantzalearen bila jarraitzen dute, itsasoz zein airez. Orduak pasa ahala, bilaketa perimetroa zer edo zer zabaldu egin behar izan duteLarrialdi zerbitzuek domeka goizaldean Ondarroako barra musturrean desage...
Domeka goizaldean desagertu zen Arrasateko arrantzalearen bila jarraitzen dute, itsasoz zein airez. Orduak pasa ahala, bilaketa perimetroa zer edo zer zabaldu egin behar izan dute
Larrialdi zerbitzuek domeka goizaldean Ondarroako barra musturrean desagertutako arrantzalearen bilaketari ekingo diote gaur laugarren egunez jarraian; eguna argitu orduko egingo dute, itsasoz zein airez.44 urteko arrasatearra domeka goizaldean ikusi zuten azkenengoz arrantzan Ama Birjina dagoen parean, eta oraindik ez dute haren arrastorik aurkitu.
Migel Angel Anakabe Ondarroako Gurutze Gorriko kideak azaldu duenez, ezbeharraren berri eduki orduko barra musturrera joan ziren. «Lehenengo Ondarroa II txalupa arinagaz ekin genion bilaketari, ustez erori zen lekutik gertu bizirik aurkituko genuelakoan. Harutzago bere jaka agertu zen, eta gune horretan bila aritu ginen. Ez genuen zorterik eduki, eta kanporantz pixka bat zabaltzen hasi ginen, marea ere behera zihoan eta. Ordu eta erdi batez bila aritu ginen, eta ez genuenean aurkitu, barrura etorri eta Merak ontzi handiagoa hartu genuen, hobeto prestatuta dagoelako».
Orduz geroztik, bilaketa eremua ere zabaldu egin dute. SOS Deiakek koordinatuta ari dira lanean larrialdi zerbitzuak, eta hobetoen ezagutzen den gunea denez, Ondarroa eta inguruak arakatzen ari dira Gurutze Gorrikoak. Lehen egunean Moku eta Galdonazpi tartean ibili ziren. Azken egunotan bilaketa perimetroa Lekeitio eta Mutriku artera zabaldu behar izan dutela nabarmendu du Anakabek.
Atzo ere perimetro berean bila ibili ziren Gurutze Gorrikoak. Eta kanporagotik ibili ziren Itsas Salbamenduko helikopteroa eta Ertzaintzako ontzia, helikopteroa eta urpekariak.
Gurutze Gorrikoek antzeko bilaketetan esperientzia handia badute ere, bilaketa bakoitza bestearekiko desberdina izaten dela azpimarratu dute. Itsas korronteak, mareak, olatuek, haizeak… hainbat faktorek eragin dezakete bilaketan, eta zenbat eta ordu gehiago pasa, zailagoa bihurtzen da bilaketa. Gorpua non dagoen jakitea oso konplikatua dela diote.
Sigi-saga edo kaleak egiten
Bilaketari dagokionez, hainbat maniobra egiten dituzte Gurutze Gorrikoek, betiere, itsasoaren egoera eta momentu horretan dagoen ikusgaitasuna zelakoa den kontuan hartuta. Batez ere, sigi-saga edo kaleak egiten ibiltzen dira. «Gaur, adibidez, itsasoa jotzen ari da. Eta gorpua kanpoan egon baldin bada itsasoak kostalderantz botatzea izan liteke. Hori dela eta, kostatik ahalik eta gertuen gabiltza, eta gero zabaldu egiten gara. Gaur, gainera, ikusgaitasun oso gutxi dago, beraz, kaleak ere estuagoak izango dira. Atzo, bestalde, ikusgaitasun hobea egon zen, eta sigi-saga gehiago ibili ginen».
Lantaldea, bestalde, txandaka antolatzen da. «Bi ordu inguruko txandak egiten ditugu. Itsasoaren egoeraren arabera ere, bilaketan ari direnak azkarrago nekatu daitezke, eta holakoetan txandakatzea komeni da. Uneoro erne egon behar izaten dugu, eta ordu askoko txandak eginez gero, arreta ezin izaten da behar beste mantendu».