GALen aginduz, 1984ko azaroaren 20an Bilboko bere kontsultan tiroz hil zuten Santi Brouard lekeitiarra. Azken urteotan bakearen eta bizikidetzaren aldeko jardunaldi, topagune zein antzekoetan parte hartu du Edurde Brouard Aldamizek.
Orain 34 hil zuten zuen aita. Familian mendeku eta biolentziaren kontrako jarrera agertu duzue beti. Jarrera hori aitak nahi zuena da, ezta?
Bai. Guk egin dugun guztia, zoritxarrez, beragaz askotan komentatu genuen. Bagenekien bere bizitzan zeuden posibilitateen artean bat amaitu zuen bezala amaitzea zela. Gure etxean hori behin baino gehiagotan komentatu genuen. Aitak argi zeukan hori gertatzen zenean guk zer egin behar genuen, eta hori buruan eduki dugu. Berak nahi izan zuen hori egin nahi izan dugu, bere izenean, behintzat. Hau da, ez erabili bere izena nahiko ez lukeen beste gauza batzuk egiteko. Zentzu horretan, oso lasai gaude egindakoagaz. Gure aita ezagutu duen inork badaki gure aitaren bidea bakearen eta akordioaren bidea zela, eta ez gatazka eta galtzaileen bide hori. Gu irabazleak gara; denok daukagu irabazteko, eta irabazteko modu bakarra lasaitasuna, akordioa eta elkarbizitza da.
Alde bietako biktimek eta senideek badaukazue harremanik ekintza publikoetatik kanpo?
Denetarik dago; baten batzuekin bai. Ez nuke esango laguntasun handirik sortu denik, baina bai maitasun sentimendu batzuk, errespetua, hurbiltasuna… mantentzen ditugu. Esaterako, Galdeanotarrak lagunak ditut aita biak bizi zirenetik. Haiekin daukadan harremana ez daukat eta ez dut edukiko sekula PPko alargun geratu den emakume bategaz. Baina, adibidez, Mari Karmen Hernandez ikusten dudanetan oso pozik egoten naiz beragaz, eta maitasun edo hurbiltasun sentimendu hori badut.
ETAren desagerpena, Espainiako Gobernuaren aldaketa, Orain Presoak dinamika… Zelan ikusten duzu gaur egungo errealitatea gatazka politikoari dagokionez?
Konplikatua ikusten dut. Akaso, momenturik konplikatuenetako batean gaude. ETAk aspaldi utzi zion ekintza armatuari, gaur desagertuta dagoen erakunde bat da. Aldaketak ematen ari direla ere egia da, baina gauzak aurrera doazen neurrian etsaiak gero-eta gogorrago izatera jotzen duela ere egia da. Bere jarrerak gogortu egiten ditu. Azkenaldian entzuten ari garenak, benetan momenturik gogorrenetan entzun ditugunen parekoak dira. ETA aktibitate osoan zegoenean bezala hitz egiten dute askok eta askok, jakinda gezur galanta dela. Baina diskurtso hori mantentzen bada, uste dut diskurtso horregaz zer edo zeren bila joango direla. Konplikatua dela diot, gure esku dagoelako oraingo honetan asmatzea; gauzak ondo bideratzea, ez uztea euren burugogorkeriak eta astakeriak gugan inolako eraginik eduki dezaten. Badakit askotan haserretzen garela, baina hori da, hain zuzen ere, eurek nahi dutena. Beraz, guk jorratu egin behar duguna da elkarrizketaren bidea, bake bide hau. Baina bake bide honetan gure joerak, jarrerak eta jokamoldeak indarrean jarri, eta mantendu behar ditugu, guk ere badaukagula zer esanik. Eta zer esanik ez, gure herrian badaukagulako zer esanik.
Espetxe politika, hurbilketa, gaixotasun sendaezinak dituzten presoak, dispertsio politika, salbuespen neurriak… askotan aipatzen dira. Espetxe politikaren aldaketak zer ekarriko luke Euskal Herrira?
Ez naiz oso baikorra. Gaur arte eta oraindik ere bizi dugun espetxe politika mendeku politika da, inongo duda barik. Pedro Sanchezek eta Idoia Mendiak ezin dute hori ukatu. Ezin dutenez ukatu ari dira ea zelako forma demokratikoa ematen dioten urteetan erabili duten mendekuzko politika bati. Badago sektore bat bere diskurtsoa guztiz gogortu duena; mendekua nahi duena eta esan egiten duena mendekua nahi duela. Gu edo eurak balantzean ipinita, uste dut Sanchezek oraindik ere kasu gehiago egingo diola Consuelo Ordoñezi neuri baino. Pena da. AVT gutxiengo handia da biktimen mundu horretan; eurak mendekuaren aldekoak dira, ez dira bakearen aldekoak. Baina ezagutzen dugun bakarra hori da, hori delako telebistak erakusten diguna. Sektore batek erabiltzen duen diskurtsoa da mass mediek errepikatzen dutena, eta Sanchez eta Zapatero eta denak erosoago daude horiei jaramon egiten guri egiten baino. Horrek ez du esan nahi demokratikoagoa edo justuagoa dela.
Europar herrialde desberdinetan betetako zigorra ez batzearen alde agertu da Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegia.
Kasualitatez aldaketa hori dator espainiar epaile bat tartean sartzen denean; zoritxarrez, ondo ezagutzen dugun epaile donostiarra da. Nork esango digu justizia mundu guztiarentzat dela berdina? Barregurea sartzen zait halakoak entzutean. Gure aita hil zuena, lekuko modura, bigarren epaiketara oinez etorri zen kaletik. Lekeitioko Pototok 30 urte egin eta gero, –Frantzian ia erdiak beteta–, eta orain berriro egin behar ditu erdi horiek. Bestea aldean dago Bateragune kasuagaz gertatutakoa. Horrek bidea ematen du, behintzat, salatu ahal izateko Katalunian egiten ari direna, eta Euskal Herrian sortu litezkeen askori erantzuteko balioko digu.
Urtea amaitzear da. 2019an zer berri entzutea gustatuko litzaizuke?
Orain Presoak da momentua, eta 2019rako ez bada, ahalik-eta arinen lortu behar da ez egotea euskal presorik Espainiako eta Frantziako kartzeletan.
Gaiz aldatuta, Euskaraldia hasiko da barikuan [azaroak 23]. Zer espero duzu Euskaraldi honetatik?
Oso esperimentu interesgarria dela uste dut. Sekula egin ez dugun esperientzia bat izango da, berria; hainbeste jende txip aldaketa batean jarriko duena. Orain dela 30 urtetik gora erabaki genuen Korrika egitea, eta orduan ere ez genekien zer aterako zen, eta zelan aterako zen. Egun Korrika gabeko Euskal Herria ezin dugu imaginatu. Espero dut Euskaraldiak bide hori hartzea.
Zelan ikusten duzu gaur egun euskararen osasuna?
Betikoan gaude; boteila zelan ikusten den da kontua, erdi hutsik edo erdi beteta. Ez dut uste inork esan dezakeenik euskara ez dagoela orain 38 urte baino hobeto. Duda barik hobeto dago. Baina gauza askotan hobetu dugu, eta beste gauza batzuetan ez horrenbeste. Batez ere, euskararen arnasgune historikoak izan diren lekuetan ematen du erabilera behera datorrela. Baina ni baikorra naiz, eta uste dut aurrera egingo dugula. Baina tentsioa ez da jaitsi behar. Jaitsi den momentu apur horretan erabileran igarri dugu. Beraz, euskara salbatuta dagoenaren irudi hori nire ustez gezurrezkoa da, eta erne jarraitu behar dugu, dena ez dagoelako eginda.