Lea-Artibaiko Amankomunazgoak menpeko pertsona nagusien
zaintzaile ez formalentzat saioak antolatu ditu Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan. Herri bakoitzean gai bat jorratuko dute.
Zaintza lan gehienak espezializatu gabeko senideek euren gain hartzen dituztenez, beren
formazioan inbertitu behar dela nabarmendu du Rakel Elu Bengoetxea Amankomunazgoko lehendakariak. “Lea-Artibaiko Amankomunazgoak eta Gizarte Zerbitzuak jardunaldiak antolatu ditu, familia zaintzaileak formatu daitezen”.
Lehen saioa bihar [azaroak 22] egingo dute Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxeko Enpresa aretoan (Esperantza eraikinean). 18:00etatik 20:00etara
psikologia alderdiak landuko dituzte batik bat.
Komunikazioaren garrantzia, dementzia edo gaixotasun neurodegeneratiboa duten pertsonengan hitzaldia emango du Bizitzen Fundazioko Alaine Arruti psikologoak eta
Komunikazioaren erabilera, menpeko pertsonak mobilizatzerakoan hitzaldia Ediren osasun kooperatiboko Yolanda del Valle fisioterapeutak.
Gizarte Zerbitzuetako langileek jaso duten formazio saioetako bat. Argazkia: Lea-Artibai Amankomunazgoa
Lekeition, berriz,
osasun eta gizarte alderdiak landuko dituzte azaroaren 28an, 18:00etatik 20:00etara, kultur etxean.
Elikaduraren, ariketaren eta jendartearen garrantzia hitzaldia eskainiko du Mikel Odriozola Markina-Xemeingo osasun zentroko familia medikuak eta
Gizarte baliabideak eta laguntzak gure inguru hurbilean hitzaldia Elena Egia Lea-Artibai Amankomunazgoko gizarte langileak.
Azkenik, azaroaren 29an
alderdi legalak izango dituzte hizpide 18:00etatik 20:00etara Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Erabakiak hartzea eta babes juridikoa ematea menpeko pertsonei hitzaldia eskainiko du Arantza Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko abokatuak eta
Azken borondateak dokumentua egitearen garrantzia hitzaldia Victor Landa Sestaoko osasun zentroko medikuak.
Beste alde batetik, formazio berezia jasotzen ari dira etxez etxeko zaintza zerbitzua eskaintzen duten amankomunazgoko langileak, zerbitzua hobetzeko. “Aurten etxez etxe joaten diren langile guztiek hiru saio egingo dituzte
autismoari eta osasun mentalari buruz. Aurten ordu gehiago aurreikusi dira, emaitzak hobetze aldera”.
Guztira, 11 ordu egingo dituzte Gizarte Zerbitzuetan lanean ari diren
50 bat langilek, lau saiotan banatuta.