Mutriku Errugbi Eskolak antolatuta, 10 eta 12 urtez azpikoen arteko errugbi topaketak egingo dira domekan [azaroak 25] Mutrikuko San Migel futbol zelaian, 10:30etik 13:00etara bitartera. Antolatzaileek jakitera eman dutenez,
130 gaztetxo batuko dira bitan banatuko den zelaigunean. Horietatik hamabost mutrikuarrak izango dira.
Iragarri dutenez, “ekitaldi ikusgarria” izango da, eta harmailak betetzera gonbidatu dituzte errugbizale guztiak. Ekimena, gainera,
HITZAren aldeko 15. urteurren egitarauaren barruan egingo da.
Mutrikuko errugbi topaketak. Argazkia: Mutriku Errugbi Taldea
Bost taldek parte hartuko dute topaketan. Honakoak izango dira Mutrikurekin batera zelairatu diren taldeak: Ordizia errugbi taldea, Donostiako Bera Bera, Zarautz-Beltzak eta Eibarko errugbi taldea. Agertu dutenez, mutrikuarrek zarauztarrekin batera osatuko dute taldea.
Zelairatzen lehenak 12 urtez azpikoak izango dira. 12 minutuko partidak jokatuko dituzte beste taldeen aurka. Horien ostean, 10 urtez azpikoen txanda izango da. 10 minutuko partidak jokatuko dituzte beste talde guztien aurka. Erakustaldia amaitzean, berriz, hirugarren denbora deritzona egingo dute, futbol zelaiko terrazan.
Mutriku Errugbi Eskolakoek gogorarazi dutenez, LH 3. mailatik gorako gaztetxoek
taldeko ateak zabalik dituzte. “Nahi duten guztiak ongietorriak izango dira. Entrenamendu batera etorri besterik ez dute izango”. Martitzenetan kiroldegian entrenatzen dute 19:00etatik aurrera eta eguenetan, berriz, futbol zelaian egoten dira, 17:00etatik aurrera.