Santa Katalina jaiak Mundaka eta Gizaburuaga girotzera datoz
Santa Katalina eguna goi-goitik ospatuko dute gizaburuagarrek eta mundakarrek.Mundakan zapatuan, santuaren bezpera egunean hasiko dira ospakizunekin. Goizetik batuko dira herriko plazako arkupeetan, eta bertan tradizio handikoa bilakatu den pil-pil era...
Mundakan zapatuan, santuaren bezpera egunean hasiko dira ospakizunekin. Goizetik batuko dira herriko plazako arkupeetan, eta bertan tradizio handikoa bilakatu den pil-pil erako Makailao Txapelketaren kazolak prestatuz emango diete hasiera jaiei. 34. aldiz egingo duten txapelketako partaideek kazolen usain goxoz beteko dute plaza eguerdira arte.
13:00etan aurkeztuko dituzte kazolak. Antolatzaileek puntualtasuna eskatu dute, jarraian epaimahaiak txapeldunak hautatu eta irabazleentzako sarien banaketa hasiko dutela iragarri dute eta.
Arratsaldean eta gauean, musika izango da protagonista. Txistularien kalejirak, Arima Cool Tour disko festak eta kontzertuek girotuko dute udalerria.
Domekan, Katalin Deuna baselizan batuko dira herritarrak meza nagusia ospatzeko, eta festak era ezin hobean bukatzeko sardina jana egingo dute.
Betikoari eutsiz
Gizaburuagan, Olazar kultur elkarteak antolatuta, hainbat ekimen egingo dituzte domekan, beti-betiko ohiturei eutsiz.
Ohi modura, herri bazkaria egingo dute. 65 bat lagun batuko dira Herriko Tabernan egingo duten bazkaritan. «Lehenengo umeen txanda izango da, eta ondoren, nagusiak jarriko gara mahaian».
Bazkariagaz gain, besteak beste, XI. Barraskilo lasterketa egingo dute frontoian. Herriko gazteenak txapelketan parte hartzeko barraskiloak batzen hasita daude, eta parte hartzaile guztientzako egongo dira opariak. Frontoiko lurrean propio margotutako ibilbidea azkarren burutzen duen barraskilorik arinenak irabaziko du lasterketa.
Harik-eta bazkaltzeko ordua iritsi arte, trikitilariek lagunduta kalejira egingo dute. Bazkalosteko orduak udal aretoan egingo den ludotekan jolasean igaroko dituzte txikienek. Helduak, berriz, bingoan jolasean ibiliko dira.