Euskaraldiaren indarra
Ume koskorretan, 7-8 urterekin, itsas handiarekin, gerrirainoko uretan, hondartza aldetik itsasora begira jartzen ginen, urrutian sortzen ziren olatuei begira. Eta, begirik kendu gabe, olatuak nola potolotzen eta handitzen ziren ikusten genuen. Han urr...
Euskaraldia badator, eta olatu handiaren itxura hartuta dator. Zazpi Euskal Herrietako 400 udalerrietan baino gehiagotan astindu ditu euskararen itsasoko urak. Milaka eta milaka herritar azaldu dira ur horietan igeri egiteko prest: 200.000 ekintzailetik gora izango direla diote aurreikuspenek. Sortutako olatuen kalparrean aparra ikusten da, ilusioaren aparra. Olatu horiek, gaurtik, azaroaren 23. egunetik aurrera iritsiko dira, bata bestearen atzetik. Eta, iritsi ahala antzemango da astindua zenbaterainokoa izango den. Gaurtik aurrera ikusiko dugu olatu horiek itsasoari jarritako harresiak gaindituko ote dituzten, botako ote dituzten.
Apar bihurtuko diren euskararen olatuak, lehertzean izango duten indarrarekin, erdaldunengana ere iritsiko dira, izan ere, ezezagunari lehen hitza euskaraz egitea izango da Euskaraldiaren olatuek lehorrean daudenei ekarriko dieten ezusteko bustialdia.
Olatuek nahikoa indar eta oldar ekartzen eta elkartzen badute, Euskaraldia euskaldunon hizkuntzari jarritako harresiak —erresistentziak— erorarazteko saiakera izango dugu.
Euskaraldiak harresi erraldoiak izango ditu aurrez aurre. Zail izango du beren nagusitasunetik eraistea, baina pitzadurak sortaraziko balitu, aurrera egiteko bidearekin asmatu izanaren zantzua litzateke hurrengo ekinaldietarako. Itsasoaren indarra handia da. Eta, gu, itsasoa gara.