Markina-Xemeinek ere bat egin zuen zapatuan [azaroak 24]Â Fair Saturday mugimenduagaz. Horren harira, Izarbidean elkartearen aldeko elkartasun kontzertua eman zuten Mertzedeko elizan. 2014an egin zen estreinako Fair Saturday Markina-Xemeinen, eta zapatuan bigarrenez errepikatu zuten esperientzia. Hain zuzen ere, arte eta kultura lanak hedatzea eta balioa jartzeagaz batera, proiektu solidarioei laguntzea helburu duen mundu mailan antolatzen den mugimendua da Fair Saturday.
Elkartasun kontzertuak txiki laga zuen Mertzedeko eliza, eta Izarbideaneko kideek bertaratu zirenei eskerrak eman nahi izan zizkieten. “Eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur gurekin egoteagatik”, esan zuten aurkezpenean. Luis Egurrola sentsibilitate fisiko zein zeintsoriala duten pertsonen elkarteko presidenteak, bere aldetik, kontzertuan parte hartu zuten artistek Izarbidean elkartearen lana sendotu nahi dutela nabarmendu zuen.
Fair Saturday ekimena, Markina-Xemeinen
Kontzertu eklektikoa eta oso desberdina eskaini zuten herriko hainbat artistek. Honakoak igo ziren oholtza gainera: Igor Larrinaga, Haizea Martiartu, Mikel Ansola eta Manuel Perez Perez musikariak eta Emeki Korala, Xemein Abesbatza eta Xemein Gazte Ahots Abesbatzak. Musika estilo ezberdinak batu eta gertuko emanaldi bat eskaini zuten. Ekitaldiaren amaieran, Izarbideaneko kideek lore sortak eman zizkieten parte hartu zuten artistei, esker ona adierazteko.
Kontzertu bukaeran Izarbideanekoak oso pozik agertu ziren herritarrek eman zuten erantzunagaz. Eta, zelan ez, artisten ekarpena eskertu nahi izan zuten. “Oso artista handiak dira; dena eman dute oholtza gainean. Musutruk jo dute, eta guk ezin dugu gehiago eskatu. Markina-Xemeingo beste artista askok ere nahi izan dute parte hartu, baina ezin izan dute hemen egon agenda beteta eduki dutelako”.
Azpimarratu zutenez, datorren urtean ere ekimena egiteko asmoa dute. “Ea posible egiten dugun urtero-urtero ekimena bermatzea, eta datorren urtera begira beste hainbat artista inplikatzea”.
Kontzerturako sarrera borondatezkoa izan zen, eta nahi zuenak sarreran egon ziren kutxetan diru ekarpena egiteko aukera ere izan zuen.
Luis Egurrola Izarbideaneko presidenteak esan duenez, ekintza “oso positiboa” izan zen. Zehaztu duenez, 350 ikusle inguru hurreratu ziren Mertzedeko elizara, eta eraikina betetzea lortu zuten. Guztira, 1.304 euro bildu zuten ekarpenekin, eta hori sentsibilitate fisiko zein sentsoriala duten pertsonen elkarteari bideratuko zaiola azaldu du.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.