Gizaburuagan, estreinako, su artifizialen ikuskizuna eduki zuten aukeran Santa Katalina egunean. Juan Migel Arostegi Gizaburuagako alkateak azaldu duenez, herritarrei
zerbait berezia eskaini nahi izan die aurtengoan. “Su artifizialak, berez, Andra Mari jaietan bota behar genituen, baina eguraldi txarra egin zuenez, gorde egin genituen. Santa Katalina eguna herrikoontzat egun berezia denez, hortxe botatzea erabaki dugu, eta igarri dugula uste dugu. Denak gustura geratu dira behintzat”.
Su artifizialak hilerritik bota zituzten domeka [azaroak 25] gauean, eta horren ardura, herritar talde txiki batek eduki zuen. Herriko Plaza eta inguruetan batutakoek
bost minutu inguruko ikuskizunagaz gozatzeko aukera eduki zuten.
Santa Katalina eguneko bazkaria. Argazkia: Gizaburuagako Udala
Santa Katalina eguneko ospakizunei dagokionez, ohi legez, mezagaz hasi zuten eguna, eta ostean, XI. Barraskilo lasterketan batu ziren frontoian.
29 gaztetxok parte hartu zuten, eta parte hartzaile bakoitza bere barraskiloa eskuetan agertu ziren.
Barraskiloentzat propio ipinitako zirkuitua bete ondoren, aurten ere
Mikel Aranzetaren barraskiloa izan da helmugan sartzen azkarrena. Aranzetak sari berezia jaso zuen, baina Olazar elkartekoek adierazi dutenez, beste parte hartzaileak ere ez ziren etxera esku hutsik joan. Bien bitartean, Joseba eta Mikel trikitilariek girotu zituzten bazkalaurreko uneak. Txokoan, tabernan edo frontoian ibili ziren giroa musikagaz alaitzen.
Gizaburuagako Santa Katalina eguna. Gizaburuagako Udala
Eguerdian, berriz,
63 lagun (15 ume eta 48 heldu) herriko tabernan batu ziren bazkaritan; txikienen txanda izan zen lehenengo, eta, ostean, nagusiek jan zuten patxadaz eta giro ederrean. Bazkalostean, umeek ludoteka izan zuten aukeran udal aretoan, eta nagusien, berriz, bingoan jolastu zuten, aspaldiko eta kontuak gogoratzen zituzten bitartean.