Bihar [azaroak 29] hasiko dituzte lanak herriaren erdiguneko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. 2018ko aurrekontuetarako egin zen herritarren parte hartze prozesuan
puntuazio handiena eduki zuen eskaria izan zen eta munitibartarren eskariari jarraituz lanak hasiko dituzte. Erabakia orain urte bete hartu zuten Munitibarren, aurtengo aurrekontuak erabakitzeko saioan. Baina
lanak bi alditan egingo direla azaldu dute Munitibarreko udaletik: “lehenengo fasea orain hasiko da eta bigarrena 2019an egingo da”.
Oinezkoei emango zaie lehentasuna lanak amaitzen direnean. Argazkia: Munitibarreko Udala
Bihar hasiko den fasea
urtea amaitu orduko burututa edukitzea espero dute eta lehenengo fase horren xedeak ur edangarriaren sarea osatzea eta lurpeko edukiontzien gunea prestatzea izango dira. Munitibar Ur Partzuergoan sartu zenean beharrezkoatzat jo zuten ssarean hobekuntzak egitea “Olaurre eraikinetik (udaletxe zaharra) elizaraino, espaloi ondotik”. “Azkenean partzuergoarekin adostu da hodia espaloi ondotik joatea gainetik beharrean, erabiltzaileei eragozpen gutxiago sortzeko eta espaloi osoa apurtzea baztertzeko”.
Gaineratu dute gaur egun dagoen
ur edangarriaren sareko hoditeria estuegia dela: “egin zenean ondo egongo zen baina orduz geroztik etxe asko egin dira herrian eta ur hornikuntza beharrezkoa izan dadin beharrezkoa da hokeuntza lanak egitea”; “gainera, ur edangarriaren kanalizazio berriak egungo bi ur sareak elkarrekin batzea suposatuko du eta horrek ur eskariari sare batetik zein bestetik erantzuteko aukera emango du”.
Bestetik, hondakinen
edukiontziak lurperatuko dira eta gaur egun markesina ondoan daudenak kenduko dira, aspaldi herritar askok egindako eskariari erantzunez; gune berria bat dator 2019an
Lea Ibarrean martxan jarriko den hondakinen kudeaketa sistema berriarekin.
Datorren urtean
autobus geraleku berriak ipiniko dira norabide bietan eta gainera argiteria ere hobetuko da. Bide ertzak ere hobetuko dira, zehaztu eta asfaltatu, emateko. “Horrela, bidegurutzeak egun eragiten dituen segurtasun eta irisgarritasun arazoak konponduko dira, inguruko eraikinetara erremateak egokituta”.
Azpimarratu nahi izan dute lanek ez dutela zirkulazioaren erabateko mozketarik eragingo. “Momentu oro egongo da zabalik bidearen alde bat eta kotxeek beti edukiko dute igarobidea”. Ur sarean egin beharreko lanek eragindako mozketak ere beti bezala aurretiaz ohartaraziko dituela esan dute ur partzuergotik, etxe atarietan jarritako oharren bitartez.
Munitibarreko ur sarea. Irudia: Munitibarreko Udala