Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren eskutik, olatuek eragindako energia planta ezagutzeko aukera eduki dute gaur [azaroak 28] erakundeetan, politikan, ekonomian eta enpresan, unibertsitatean eta hedabideetan erantzukizuneko karguak betetzen dituzten
Kolonbiako bederatzi ordezkarik.
Energia elektrikoa sortzeko olatuen energia aprobetxatzen duen Europa osoko
lehenengo planta komertziala da Mutrikukoa, eta bisita gidatuan instalazioaren funtzionamendua eta horren xehetasunen berri jaso dute. Bertako ekipamenduak ere bertatik bertara ikusi dituzte. Olatuen eraginez aire konprimatua turbinatzen duten turbinekin harrituta geratu dira bisitariak.
Kolonbiako ordezkariak Mutrikuko dikean
Mutrikura bisitaldia, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country 2020 Nazioartekotze Estrategiaren baitan egiten ari den
Learning Tour 2018 ekimenaren barruan egin dute. Ekimenaren helburua atzerriko nortasun handiko pertsonekin harremanak sustatzea da, baita horiek euskal gizartearen errealitatea ezagutzea ere. Horren harira, Euskal Herriko gauza bereizgarri eta berezienak ikusten ari dira egunotan. “Ordezkaritzak Euskadiren irudi globala eraman dezan da helburua”, adierazi dute Jaurlaritzako iturriek.
Honako taldea etorri da Mutrikura: Guido Echeverri Piedrahita Caldasko gobernadorea, Jorge Eduardo Londoño Ulloa Errepublikako senataria, Enrique Cabrales Baquero Ganberaren ordezkaria Bogotan, Erasmo Elias Zuleta Ganberaren ordezkaria Kordoban, Jorge Humberto Pelaez Piedrahita Pontificia Universidad Javeriana-ko errektorea, Bruce Mac Master Rojas Kolonbiako Enpresaburuen Elkarte Nazionaleko presidentea, Monica de Greiff Lindo Mercataritza Ganberako presidentea Bogotan, Ricardo Avila Portafolio ekonomia egunkariko zuzendaria, Erika Fontalvo kazetaria eta Rafa Kutz Euskadiko ordezkaria Txilen, Perun eta Kolonbian.