Su artifizial eta guzti ospatu dituzte Santa Katalina jaiak Gizaburuagan
Ezusteko polita izan da herritarrentzat bost minutuko su ikuskizuna, berez andramarietarako zegoen-eta aurreikusita. Mikel Aranzetaren barraskiloak irabazi du XI. lasterketaAurtengo Gizaburuagako Santa Katalina jaiak su artifizial eta guzti ospatu ditu...
Ezusteko polita izan da herritarrentzat bost minutuko su ikuskizuna, berez andramarietarako zegoen-eta aurreikusita. Mikel Aranzetaren barraskiloak irabazi du XI. lasterketa
Aurtengo Gizaburuagako Santa Katalina jaiak su artifizial eta guzti ospatu dituzte. Juan Migel Arostegi Gizaburuagako alkateak azaldu duenez, herritarrei zerbait berezia eskaini nahi izan diete aurtengoan. «Su artifizialak, berez, Andra Mari jaietan bota behar genituen, baina eguraldi txarra egin zuenez, gorde egin genituen. Santa Katalina eguna herrikoontzat egun berezia denez, hortxe botatzea erabaki dugu, eta igarri dugula uste dugu. Denak gustura geratu dira, behintzat».Su artifizialak hilerritik bota zituzten domeka gauean, eta horren ardura herritar talde txiki batek eduki zuen. Herriko Plaza eta inguruetan batutakoek bost minutu inguruko ikuskizunagaz gozatzeko aukera eduki zuten.
Santa Katalina eguneko ospakizunei dagokienez, ohi legez, mezagaz hasi zuten eguna, eta ostean, XI. Barraskilo Lasterketan batu ziren frontoian. 29 gaztetxok parte hartu zuten, eta parte hartzaile bakoitza bere barraskiloa eskuetan agertu zen.
Barraskiloentzat propio ipinitako zirkuitua bete ondoren, aurten ere Mikel Aranzetarena izan da helmugan sartzen azkarrena. Aranzetak sari berezia jaso zuen, baina Olazar elkartekoek adierazi dutenez, beste parte hartzaileak ere ez ziren etxera esku hutsik joan. Bien bitartean, Joseba eta Mikel trikitilariek girotu zituzten bazkalaurreko uneak. Txokoan, tabernan edo frontoian ibili ziren giroa musikagaz alaitzen.
Eguerdian, berriz, 63 lagun (15 ume eta 48 heldu) herriko tabernan batu ziren bazkaritan; txikienen txanda izan zen lehenengo, eta, ostean, nagusiek jan zuten patxadaz eta giro ederrean. Bazkalostean, umeek ludoteka eduki zuten aukeran udal aretoan, eta nagusiek, berriz, bingoan jolastu zuten, aspaldiko kontuak gogoratzen zituzten bitartean. Oso pozik amaitu zuten jaia bertaratutako guztiek.