Urteroko txahal jana egingo dute zapatu iluntzean, Amoroton
Amorotoko Udalak eta herriko kultura batzordeak antolatuta, urteroko txahal jana egingo dute zapatu iluntzean, herriko frontoian.11:30ean ospatuko den mezagaz emango diote hasiera jaiegunari, baina ordurako, martxan egongo dira txahala erretzeaz ardura...
11:30ean ospatuko den mezagaz emango diote hasiera jaiegunari, baina ordurako, martxan egongo dira txahala erretzeaz arduratuko direnak; goizeko ordu txikietan hasiko dira haragia apurka-apurka egiten; iaz 05:00ak aldera hasi ziren.
Horren ondoren, eguerdi aldera, betiko jakien erakusketa eta dastaketa egingo dituzte: taloak, karakolak, gaztaina erreak, sagardoa…, ez da ezer faltako. Horregaz batera, herriko abereen azoka ere egingo dute. Musikaz giroturik etorriko da eguna; giroa alaitzeaz arduratuko direnak Izarra eta Naiara trikitilariak izango dira.
Iluntzean batuko da herritar gehien Amorotoko frontoian, txahala jatera. Afalostea girotzeaz arduratuko direnak Jokaldi erromeria taldeko kideak izango dira, iaz bezala, amorotoarren jaia gauerdia baino harantzago luzatuz.
Jateko ugari
Txahal janerako txartelak erosteko epea azaroaren 18an amaitu zen, eta, horrenbestez, ez dago afaritarako izena ematerik.
Antolatzaileek gogora ekarri dute iaz eguraldiak ez zuela lagundu goizetik, eta aurten ere hori gertatuko balitz, hotzari aurre egiteko eguerdi alderako odolkiak edota taloak eskainiko lituzketela frontoian. «Txahala jatera etortzen ez direnentzat ere badago zertaz gozatu egun guztian. Jatekorik eta edatekorik ez da faltako».